Itxi

Euroliga

Baskoniak, partida bikaina eginda, Real Madril gainditu (76-72), eta bigarren garaipena eskuratu du Euroligan

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Pablo Lasoren taldeak lan ederra egin du azken laurdenean, eta horri esker eskuratu du garaipena. Horrenbestez, Gasteizko taldeak erakutsi du gero eta gertuago duela bere mailarik onena, denboraldi hasiera honetan.

Chima Moneke, saskiratze baten ostean; Baskoniako jokalariak partida ona egin du. Argazkia: EFE.

Baskoniak Real Madril hartu du mendean, 76-72, 2024-25 denboraldiko Euroligako hirugarren jardunaldian, Buesa Arenan, Gasteizen, astearte gauean. Hala, garaipen garrantzitsu hori erdietsita, Baskoniak bi partida ditu irabazita txapelketan, eta Gasteizko taldeak erakutsi du gero eta gertuago duela bere mailarik onena, denboraldi hasiera honetan.

Lehen zatian, Baskonia eta Real Madril oso parean aritu dira, bizi-bizi kantxaren gainean, eta elkarri oparirik egin gabe jokatu dute. Chus Mateok entrenatzen duen taldeak bi puntuko aldea zuen aurreneko laurdena amaituta, baina Pablo Lasoren gizonek irauli egin dute bigarren laurdenean, eta puntu bateko abantaila zuten atsedenaldian, 36-35. Sendo aritu dira defentsan bi taldeak, eta, Baskoniari dagokionez, Luwawu-Cabarrot, Howard, Moneke eta Forrest nabarmendu dira erasoan. Taldeak, orokorrean, lan oso txukuna egin du.

Real Madrilek, hirugarren laurdenean, 0-10eko partziala lortu du; 46-42 ari zen irabazten Baskonia, baina 46-52ko markagailua izan da, eta Pablo Lasoren jokalariak ez zeuden batere eroso une horretan. Azken hamar minutuak hasi direnean, Madrilgo taldeak lau puntuko aldea zuen, 48-52, eta ezer ez zegoen erabakita.

Azken laurden horretan, Baskonia benetan bikain aritu da. Markus Howardek bere gain hartu du ardura, une giltzarrietan, eta Gasteizko taldeak, lehenik, emaitza berdindu du, 64-64koan, azken bost minutuetan dagoeneko, eta, azken txanpan, aurkaria menderatu du. Ezin hobeto ibili da Gasteizko taldea azken minutuetan, akatsik gabe, indartsu. 76-72 bukatu da norgehiagoka, eta festa lehertu egin da Buesa Arenan.

Fitxa teknikoa

76 - Baskonia (16+20+12+28): Baldwin (3), Howard (15), Sedekerskis (8), Ousmane Ndiaye (6) eta Hall (-), -hasierako taldea- Luwawu-Cabarrot (9), Jaramaz (-), Forrest (8), Rogkavopoulos (5), Moneke (14) y Diop (8).

72 - Real Madril (18+17+17+20): Llull (5), Hezonja (13), Musa (17), Eli Ndiaye (2) eta Tavares (14) -hasierako taldea-, Abalde (2), Deck (11), Ibaka (5) eta Rathan-Mayes (3).

Epaileak: Sasa Pukl (Eslovenia), Arturas Sukys (Lituania) eta Sergio Silva (Portugal).

Gertakizunak: 10.840 zale izan dira Buesa Arenan.

Albisteak (2)