Itxi

Euroliga

Baskoniak garaipen erosoa lortu du Alba Berlinen aurka (80-57)

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Pablo Lasoren mutilek denboraldiko hirugarren garaipena lortu dute etxean, Euroligan, Alba Berlinen aurka (80-57), Markus Howarden erakustaldi berri baten ostean. Izan ere, Baskoniako izarrak 26 puntu egin ditu 7 hiruko saskiratuta.

Baskonia VS. Alba Berlin Argazkia: EFE

Baskoniak Alba Berlin menderatu du 80-57 ostegun honetan, Markus Howard jokalari estatubatuarraren erakustaldiarekin, Euroligako fase erregularreko 5. jardunaldiko partidan.

Fernando Buesa Arenan, 10-1eko partzialarekin hasi dira etxekoak, Kamar Baldwinen eta Timothe Luwawu-Cabarroten hirukoek bultzatuta, Howardek berak sartutako beste batekin batera. Aurkariaren eraso horren aurrean, Albak ezer gutxi egin ahal izan du.

Yanni Wetzell saiatu da barrutik min egiten, baina Donta Hallekin egin du topo. Baskoniaren nagusitasuna nabarmena izan da kantxaren bi aldeetan, eta lehen laurdeneko emaitzak (24-13) hala erakutsi du. 

Bigarren laurdenean, Chima Monekek eta Khalifa Diopek, protagonismoa eskuratuta, 20 puntuko aldea (35-15) eman diote etxeko taldeari. Zeregin horretan, bestalde, Nikos Rogkavopoulosen laguntza izan dute Monekek eta Diopek. Hala ere, atsedenaldiaren aurreko azken minutuetan, Alba animatu egin da Martin Hermannssonen eta Beanen jokaldiekin.

Aldageletatik bueltan, elkarren segidako bi hirukok partidan sartu dute Alemaniako taldea. Martin Hermannssonek germaniarren gidaritza hartu du, eta Baskoniatik gertu egoteko bidea aurkitu dute.

Markus Howardek, Baskoniako izarrak, baina, 16 puntu egin ditu, etxekoei lasaitasuna emanez, eta errenta erosoarekin joan dira azken laurdenera (63-40).

Hala ere, Albak eutsi egin dio. Izan ere, hainbat saskiratze eta jokaldi egin ditu Khalifa Koudmajek kantxan egon denean, bere handitasunarekin abantaila ateratzeko. Hala ere, Baskoniak sendo jarraitu du, eta 80-57 amaitu du partida.

Fitxa teknikoa:

80 - Baskonia (24+15+24+17): Baldwin (5), Howard (26), Luwawu-Cabarrot (9), Ndiaye (4) eta Hall (5); Jaramaz (4), Savkov (-), Forrest (8), Rogkavopoulos (9), Moneke (4) eta Diop (4).

57 - Alba Berlin (13+13+14+17): Hermannsson (16), Spagnolo (6), Bean (9), Olinde (4) eta Wetzell (9); Procida (3), Mattisseck (2), Mcdowell-White (3), Samar (2), Schneider (1) eta Koumadje (2).

Epaileak: Uros Nikolic (Serbia), Milivoje Jovcic (Serbia) eta Noam Gordon (Israel).

Albisteak (3)