Itxi

Euroliga

Baskoniak Makabi Tel Aviv garaitu du (85-95), partida ona eginda, eta zazpi garaipen daramatza Euroligan

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Euskal taldeak merezita irabazi du, Belgraden jokatutako partidan; izan ere, Pablo Lasoren taldeak ia-ia hasieratik izan ditu kontrolpean jokoa eta markagailua.

Markus Howard, artxiboko irudian; Baskoniako jokalariak partida bikaina egin du. Argazkia: EFE.

Baskoniak Makabi Tel Aviv mendean hartu du, 85-95, 2024-25 denboraldiko Euroligako hamaseigarren jardunaldian, Belgradeko el Aleksandar Nikolic Hall pabiloian, astearte gauean. Hala, Pablo Lasoren taldeak zazpi garaipen daramatza txapelketan, eta, behin-behinean, sailkapeneko hamahirugarren postuan dabil, Europa mailako lehiaketa nagusian.

Lehen zatia ikusgarria izan da. Baskonia oso ondo aritu da erasoan, eta joko azkar eta polita egin du. Partidako hasieran, bi taldeak ari ziren asmatzen saskiratzeetan, baina Gasteizko taldeak berehala egin du hobera defentsan, eta Makabi Tel Aviven saskiaren aurrean asmatzen jarraitu du. Lehenengo laurdena amaitu denean, Baskonia hamaika puntuz ari zen gailentzen, 23-24, eta atsedenaldian Lasoren gizonek hamalau puntuko aldea zuten, 43-57. Markus Howard bikain ibili da partidako lehen zatian, 16 puntu sartu baititu eta jaurtiketa egiten saiatu den bakoitzean saskiratzea erdietsi duelako; egia esan, Baskoniako jokalari guztiak aritu dira oso ondo, lehenengo hogei minutuetan.

Bigarren zatian, erritmoak pixka bat behera egin badu ere, Baskoniak ez du arazo handirik izan abantailari eutsi eta garaipena eskuratzeko. Hirugarren laurdenean, Pablo Lasoren gizonak apur bat estu ibili dira Israelgo taldea bederatzi puntura jarri denean, 56-65ean; baina Baskonia segituan suspertu da, eta Gasteizko taldeak oztoporik gabe eta guztiz merezita lortu du garaipena. Azken emaitza 85-95ekoa izan da, eta Arabako taldeak ostegunean jokatuko du berriro, 18:45ean hasita, Panathinaikosen etxean.

Fitxa teknikoa

85 - Makabi Tel Aviv (23+20+17+25): Blatt (14), Randolph (4), Rayman (-), Hoard (14) eta Gabriel (2) —hasierako bostekoa—, Jokubaitis (22), Dibartolomeo (-), DeJulius (-), Shayok (2), Sorkin (22) eta Cohen (5).

95 - Baskonia (34+23+18+20): Forrest (4), Howard (28), Sedekerskis (12), Moneke (17) eta Hall (10) —hasierako bostekoa—, Raieste (3), Rogkavopoulos (11), Baldwin (8), Jaramaz (-) eta Diop (2).

Epaileak: Robert Lottermoser (Alemania), Arturas Sukys (Lituania) eta Guido Giovannetti (Italia).

Nabarmentzekoa: 200 bat zale izan dira. Partida hasi aurretik, minutuko isilunea egin dute, Janis Timma Baskoniako jokalari ohiaren omenez.

Albisteak (4)