Itxi

Euroliga

Baskoniak ez du inolako aukerarik izan OAKAn, Panathinaikosen aurka, Euroligan (104-69)

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Greziako taldeak, txapelketako egungo txapelduna bera, lehen laurdenean hartu du markagailuaren kontrola (33-12), eta Pablo Lasoren gizonek ezin izan dute garaipena lortzeko lehiatu. Baskonia, 17 jardunalditan zazpi partida irabazi dituela, hamabosgarren postuan dabil, sailkapenean.

Tadas Sedekerskis eta Kostas Antetokounmpo, jokaldi batean. Argazkia: EFE.

Baskoniak galdu egin du Panathinaikosen aurka, 104-69, 2024-25 denboraldiko Euroligako hamazazpigarren jardunaldian, OAKA pabiloian, Atenasen, Grezian, ostegunean. Hala, Pablo Lasoren taldeak zazpi garaipen lortuta jarraitzen du Europako txapelketan nagusian, eta, behin-behinean, sailkapeneko hamabosgarren postuan dabil.

Ostegunean Greziako hiriburuan jokatutako partidan, Baskoniak porrot egin du, oso argi, Euroligako egungo txapeldunaren aurka; Panathinaikosek, egia esan, ez dio inolako aukerarik eman euskal taldeari. Lehen laurdena amaitu denean, Baskonia 21 puntuz ari zen galtzen, 33-12, eta Gasteizko taldeak ezin izan du lehiatu, hortik aurrera, garaipena eskuratzeko. Mathias Lessort Panathinaikoseko jokalari frantziarrak izandako lesioak ere markatu du norgehiagoka; bigarren zatian, Lessortek kantxa utzi behar izan du, eta baliteke belaunean lesio larria izatea.  

Kirol arloari dagokionez, Baskoniak, arestian esan bezala, ezin izan du ondo lehiatu. Chima Moneke, 16 puntu sartuta eta zortzi errebote hartuta, Pablo Lasoren taldeko jokalaririk onena izan da, baina, Monekeren lan ona gorabehera, Gasteizko taldeak ez du neurketa parekatzerik izan.

Atsedenaldian, Panathinaikos 53-35 ari zen irabazten. Bigarren zatian, Baskonia ahalegindu da aurkaria estutzen, baina Greziako taldea, azken minutuetan, berriro ere izan da oso nagusi.

Fitxa teknikoa

104 - Panathinaikos (33+20+23+28): Grant (4), Kalaitzakis (8), Nunn (26), Hernangómez (11) y Lessort (10) -hasierako bostekoa-, Sloukas (5), Brown (18), Mitoglou (7), Yurtseven (4), Samodulov (-1), Antetokounmpo (2) eta Osman (8).

69 - Baskonia (12+23+20+14): Forrest (-), Howard (5), Sedekerskis (8), Moneke (16) y Hall (5) -hasierako bostekoa-, Raieste (8), Savkov (3), Rogkavopoulos (7), Baldwin (13), Ndiaye eta Diop (4).

Epaileak: Mehdi Difallah (Frantzia), Milan Nedovic (Eslovenia) eta Thomas Bissuel (Frantzia).

Nabarmentzekoa: Euroligako hamazazpigarren jardunaldiko partida, OAKAn, Atenasen.

Albisteak (2)