Euroligako lehen partida
Baskonia azken laurdenean ito da
Erredakzioa
Ivanovicen jokalariek azken unera arte irabazteko aukerak izan dituzte, baina azken laurdenean kale egin dute eta Olympiakosek neurketa erabaki du. Horrela, arabarrak esku hutsik itzuliko dira etxera.
Fitxa teknikoa:
85. Olympiakos (18+30+17+20): Spanoulis (16), Mantzaris, Papanikolaou (5), Antic (9), Dorsey (7)-hasierako bostekoa-, Hines (6), Law (4), Printezis (17), Sloukas (6), Perperoglou (14), Mavroeidis (1).
81. Caja Laboral (23+14+29+15): Heurtel (6), Oleson (13), Nocioni (11), Bjelica (11), Lampe (18)-hasierako bostekoa-, Cabezas (9), San Emeterio (11), Causeur (2), Hdz. Sonseca.
Caja Laboral Baskoniak Atenasen porrota jaso du. Olympiakos egungo txapeldunak Baskonia 85-81 hartu du mendean. Gasteiztarrak aurpegia eman dute, baina azken laurdenean bost minutu oso makal aritu dira eta garaipena ezinezkoa izan da. Hala eta guztiz ere, amaierara arte aukerak izan dituzte.
Greziako taldea lehen laurdena indartsu hasi da eta gasteiztarrek taula azpian duten ahulezia ederki aprobetxatu dute. Horrela, Dorsey arabarren saskian bi aldiz zintzilikatu da. Gainera, Olympiakosek kanpoko jaurtiketetan asmatu egin du. Hala ere, Ivanovicenek ez dute etsi, defentsan estutu eta markagailuan aurretik amaitu dute laurdena (18-23).
Baskoniaren abantaila bigarren laurdeneko lehen minutuan desagertu da, baina Ivanovicek hutsartea eskatu eta Atenasekoen erreakzioa bertan behera utzi du. Hala ere, Olympiakosek taula azpian lan egin eta pixkanaka-pixkanaka markagailuan aurrea hartu du (48-37). Caja Laboralek puntu gehiegi jaso ditu atsedenaldia baino lehen.
11 puntuko desabantailarekin hasi dira arabarrak bigarren zatian, baina Baskoniaren bosgarren hiruakoak greziarrak eskura jarri ditu. Horrela, gasteiztarrek sakatu dute eta hirugarren laurdenaren amaierara irabazteko aukerekin heldu dira (65-66).
Azken laurdenean arabarrek bost minutuko krisia izan dute eta greziarrek norgehiagoka erabakita uzteko aprobetxatu dute. Ondorioz, gasteiztarrak eusku hutsik itzuliko dira etxera.