EUROKOPA
Lointek Gernikak Portugaleko Uniao Sportivaren aurrean ekingo dio Eurokopari
EITB EUS
Malosten jokatuko duten norgehiagoka zuzenean izango da ikusgai, 20:00etatik aurrera, bai eitb.eus-en bai ETB4n.
Lointek Gernika Bizkaia
Lointek Gernikak Uniao Sportiva Azoris Hotels Portugaleko taldearen bisita hartuz abiatuko du Eurokopako multzoen fasea, gaur arratsaldean, 20:00etan.
EITB Mediak neurketa ikusteko aukera emango du, zuzenean, streaming bidez eitb.eus-en, eta telebistaz, ETB4n.
Euskal taldeak hainbat baja izango ditu. Batetik, Angela Salvadoresek ezingo du jokatu, azken partidan min hartu zuelako. Bestetik, oraindik lesionatuta jarraitzen du Cameron Williamsek, aurredenboraldian ezker oineko orpazurda hautsi baitzuen. Hala, Lucas Fernandez entrenatzaileak Ane Iturrioz gaztea deitu du hitzordurako.
Uniao Sportiva Portugalgo ligan Barcelosi irabaztetik dator. Monique Soares da jokalari nabarmenena, neurketa horretan 22 puntu sartu eta zazpi errebote hartu zituen eta, besteak beste. Lointek Gernikak Greziako PAS Gianina aise menderatuta lortu zuen multzoen fasera sailkatzea.