Itxi

Emakumezkoen Endesa Liga

Kutxabank Araskik mendean hartu du Lointek Gernika denboraldiko lehen euskal derbian (58-55)

L. U. | EITB

Leer en Castellano

Partida oso parekatuan, Made Urietaren taldeak 58-55 garaitu du Lointek Gernika Bizkaia Mendizorrotzako kiroldegian jokatu den bigarren jardunaldiko euskal derbian.

Kutxabank Araskiren eta Lointek Gernikaren arteko lehiako irudia. Argazkia: Lointek Gernika

Kutxabank Araskik 58-55 garaitu du Lointek Gernika Bizkaia igande honetan Mendizorrotzako kiroldegian jokatu den Emakumezkoen Endesa Ligako bigarren jardunaldiko euskal derbian.

Bisitariak hobeto sartu dira partidan, kantxan ondo kokatuta. Hala ere, etxeko taldeak eraso bertikalagoa eta zonako defentsa sendotu ditu, eta bi taldeak berdinduta iritsi dira lehen hamar minutuen amaierara (18-18).

Bigarren laurdenean, norgehiagoka moteldu eta trabatu egin da, baloi asko galdu baitituzte. Defentsan arazoak izan ditu Made Urietaren taldeak, eta Bizkaiko taldeak, hiru errebote jarraian hartuta, markagailuan aurrea hartzea lortu du. Bi puntuko abantailarekin joan da atsenaldira Luca Fernandezen taldea (26-28).

Berdinketa nagusi izan da hirugarren laurdenean, baina erreboteko lanak hobeto zaindu ditu Arabako taldeak. Azken minutuetan, alderik handiena lortu du etxeko taldeak, eta 6 puntuko errenta eskuratu du (44-38).

Isabela Jourdan Kutxabank Araski taldeko jokalariak min handia egin du laugarren laurdenean, eta etxeko taldeak 5 puntuko errenta lortu du hasierako minutuetan (46-41). Lointekek, baina, aldea murriztu du, eta aurretik jarri da markagailuan, erasoan erabaki zuzenak hartuta (54-55).

Oso partida parekatua izan da, eta akatsak garesti ordaindu dira. Partida amaitzeko 14 segundo falta zirenean, 3 puntuko aldea zuen Made Urietaren taldeak (58-54), Lointekek hirukoa sartzeko ahalegina egin du, baina garaipena etxekoek eskuratu dute azkenean.

IDK Euskotrenek galdu egin du Valentzian (69-54)

Azu Muguruzaren taldea partidan ondo sartuta egon da. Hirugarren laurdenean, markagailuan aurretik jartzea lortu du, baina ondoren behera egin du nabarmen, eta garesti ordaindu du. Valentziak harrapatu egin du, eta erabat nagusitu da azken minutuetan (69-54).