Itxi

NBA

Chauncey Billups entrenatzailea eta Terry Rozier jokalaria atxilotu dituzte, legez kanpoko apustuengatik

agentziak | eitb

Leer en Castellano

Portland Trail Blazers taldeko entrenatzailea eta Miami Heat taldeko jokalaria aske utzi dituzte jada.

Chauncey Billups eta Terry Rozier. Argazkiak: EFE

Portland Trail Blazers taldeko Chauncey Billups entrenatzailea eta Miami Heat taldeko Terry Rozier jokalaria atxilotu dituzte, legez kanpoko kirol apustuetan parte hartzea eta poker partidetan iruzur egitea egotzita, mafiaren laguntzarekin. Aske utzi dituzte jada.

Billups libre geratu da Portlandeko auzitegitik pasatu ostean, iruzur elektronikoa egiteko konspirazioa eta dirua zuritzea egotzita, The Athleticek jakitera eman duenez. Entrenatzaileak bidaiatzeko murrizketak onartu ditu eta pasaportea kendu diote.

Entrenatzaile estatubatuarra Oregonen atxilotu zuten, familia mafiosoen babesa zuten poker partida klandestinoen iruzur sare batean zegoela iritzita.

Billups bere postutik at utzi dute momentuz, eta Tiago Splitter Baskoniako jokalari ohiak hartu du, behin-behinean, entrenatzaile postua.

Bestalde, Rozierrek Floridan duen 6 milioi dolarreko etxea jarri du bermetzat, eta pasaportea kendu diote, Sports Illustrated hedabideak zabaldu duenez. NBAko informazio pribilegiatua erabili, eta, diru truke, beste batzuei pasatzen zien legez kanpoko kirol apustuen sare bateko sei susmagarrietako bat da.

Ameriketako Estatu Batuetako Ikerketa Bulego Federalak (FBI) jakinarazi duenez, 34 pertsona atxilotu dituzte 11 estatutan hainbat urtez ikertzen aritu ostean.