Eurocup Women
Lointek Gernikak aurreneko kolpea eman du Sofian eta Elitzur Ramlari irabazi dio lehen neurketan (65-81)
EITB Media
Bizkaiko taldea atzetik joan da markagailuan lehen laurdenaren amaieran, baina gainerako partzialetan nagusi izan da, eta sailkapena eskuratzeko lehen urratsa eman du.
Sofian (Bulgaria) jokatutako partidaren une bat. Argazkia: Lointek Gernika
Lointek Gernika Bizkaiak Elitzur Ramlaren aurka jokatu du gaur Sofiako Arena Izzi kantxan, Bulgariako hiriburuan jokatuko dituen bi partidetatik lehenengoa, Eurokopako hurrengo kanporaketarako txartela lortzeko lehian. Lointekek kolpea eman du, eta 16 puntuko aldeaz irabazi du (65-81) lehenbiziko neurketa.
Norgehiagoka ez dute batere ondo hasi, 7-0eko partziala egin baitute lehen bi minutuetan. Hala ere, minutuek aurrera egin ahala, Gernikakoek erritmoa hartu eta markagailuko aldea murriztea lortu dute, baina iraultzea lortu gabe. Ondorioz, atzetik joan dira lehen laurdenean (26-16).
Bigarren laurdenean, foru hiribildukoek markagailuari buelta eman eta lehian aurretik jartzea lortu dute, beste faktore batzuen artean, saskiratutako zortzi hirukoei esker. Ane Olaeta izan da Gernikako boskoteko jokalaririk onena. Horrela, 13-30eko partziala sartu diote Israelgo taldeari, eta atsedenaldira irabazten joan dira (39-46).
Atsedenaldiaren ostean, Lucas Fernandezek zuzentzen dituen jokalariak gidoi berari jarraitzen saiatu dira. Hirugarren laurdenean saskiratze gutxiago izan dira (8-17), defentsak erasoei gailendu zaizkielako, baina, hala ere, Lointekek Elitzur Ramla baino gehiago asmatu du (47-63).
Azken laurdena parekatua izan da (18-18), eta Bizkaiko taldeak garaipena berretsi besterik ez du egin, sendo jardun dute eta. Lehen laurdeneko hasiera txarra kenduta, Gernikako bostekoa izan da nagusi gainerako partzial guztietan, neurketa une oro kontrolatu eta garaipen garrantzitsua lortu dutelako.
Lointekek kantxa neutral batean jokatzea erabaki zuen, ateak itxita eta ikuslerik gabe, Elitzurrek Gernika-Lumo zapaldu ez zedin, "bakearen eta gatazketako sufrimendu zibilaren ikur unibertsala den herria" da eta, nabarmendu zuen klubak.
Kirol arloari dagokionez, Bizkaiko taldeak 3.000 kilometroko bidaia egin du Salamancatik itzuli eta ordu gutxira, igandean Perfumerias Avenidari egindako bisitan jipoia jaso ostean.