Finalerdiak
Valentzia Basketek jokatuko du Barçaren aurkako finala
Erredakzioa
Perasovicen mutilek garaipen erraza lortu dute Herbalife Kanaria Handiaren aurka (83-72). Doellman eta Pau Ribas norgehiagokako izarrak izan dira.
Valentziako taldeak erakustaldia eman du Buesa Arenan, eta Herbalife Kanaria Handia 83-72 gainditu du, finalerdian. 2013ko Gastezko Kopako final handian, Xavi Pascualek zuzendutako Bartzelonaren aurka jokatuko dute Perasovicen mutilek.
Valentzia Basket jaun eta jabe izan da lehenengo laurdenean, eta Pedro Martinezen mutilak ezinean aritu dira, erasoan. Doellmanek ondo gidatu du Valentziako taldearen erasoa, eta Perasovicen mutilak 17-10 markagailuan goitik jarri dira.
Bigarren laurdenean, Herbalifek erasoan hobetu egin du, baina Faveranik aise agindu du taula azpian (23-14). Valentzia Basket 13 puntu markagailuan goitik jarri da (27-14), eta Kanaria Handiko taldea ezinean aritu da. Atsedenaldia heldu aurretik Pau Ribasek 39-22koa jarri du hiruko ikusgarri batekin.
Neurketako bigarren zatia energiarekin hasi dute Pedro Martinezen mutilek (39-26), baina Ribasek eta Faveranik puntu garrantzitsuak eskuratu dituzte (44-26). Herbalifek erasoan sakatzen jarraitu du (49-38), baina Valentzia Basketek sendo jarraitu du (59-45).
Azkeneko laurdenean Justin Doellmanek erakustaldia eman du, eta Perasovicen mutilek markagailuko aldea erraz handitu dute (77-55). Kanaria Handiak erritmoa moteldu du, eta talde taronjak garaipena eta finalerako txartela lortu du (83-72).
- Fitxa teknikoa:
83 - Valentzia Basket (17+22+20+24): San Miguel (3), Ribas (16), Kelati (2), Doellman (21) eta Lishchuk (9) -hasierako bostekoa-; Markovic (7), Rafa Martinez (10), Pietrus, Faverani (15) eta Dubljevic.
72 - Herbalife Kanaria Handia (10+12+23+27): Bellas (3), Toolson (17), Newley (16), Nelson (11) eta Rey (5) -hasierako bostekoa-; Scheyer (5), Beiran (2), Baez (6), Tavares (2), Alvarado eta Slokar (5).
Partzialak: 17-10, 39-22 (atsedenaldia); 59-45 eta 83-72 bukaera).