Igande honetan
Zailtasun handiko partidak Bilbao Basket, GBC eta Laboral Kutxarentzat
Erredakzioa
"Beltzezko gizonek" Morabanc Andorra hartuko dute (12:00), GBCk Real Madrili egingo dio bisita (13:00) eta Baskoniak Unicaja izango du aurkari (19:30).
Bilbao Basket, Gipuzkoa Basket eta Laboral Kutxa taldeek Endesa Ligako 19. Jardunaldia jokatuko dute asteburu honetan.
Bilbao Basket-Morabanc Andorra
Bilbotarrek Morabanc Andorra hartuko dute (zuzenean ETB1en eta eitb.eus-en, 12:00etan), garaipena lortu eta laugarren postuari eusteko asmoz. Etxean jokatutako bederatzi partidetatik zortzi irabazi dituzte "beltzezko gizonek".
Neurketa honetarako Sito Alonso entrenatzaileak duen baja bakarra Axel Hervelle belgikarrarena da. Pibotak eskuin eskuko hatz bat apurtuta dauka, eta otsailaren amaierara arte geldirik egon beharko du.
Real Madril-GBC
Gipuzkoa Basketek Real Madrilekin neurtuko ditu indarrak igande honetan (13:00), eta Jaume Ponsarnau gipuzkoarren entrenatzaileak "irabaztera" aterako direla adierazi du. Hala ere, badaki zailtasun handiko hitzordua izango dela, eta zurien kalitatea nabarmendu du.
Jokalari guztiak jokatzeko prest ditu Ponsarnauk, eta ia denak sasoi onenean direla aitortu du teknikariak.
Unicaja-Baskonia
Laboral Kutxak, azkenik, Unicajaren kantxan jokatuko du (19:30), eta etxetik kanpoko lehen garaipena eskuratzea izango du helburu.
Malagako taldea da fase erregularreko liderra, eta orain arte Martin Carpenan jokatutako partida guztiak irabazi ditu. Hala ere, Ibon Navarroren taldea konfiantzarekin dago, eta jarraian garrantzizko bi garaipen erdietsi ditu: Bartzelonaren aurka Ligan, eta Armani Milanen aurka Euroligan.