Endesa Liga
Pablo Laso, Liga erregularreko entrenatzailerik onena
Agentziak | Erredakzioa
Gasteiztarrak hirugarren urtez jarraian lortu du saria, Ligan garaipen gehien izan dituen taldea (Real Madril) zuzentzeagatik.
Pablo Laso Real Madril taldeko entrenatzailea hirugarrenez aukeratu dute Endesa Ligako fase erregularreko entrenatzailerik onena. Saria Espainiako Saskibaloi Entrenatzaileen Elkarteak eman dio.
2012-13 eta 2013-14 denboraldietan ere Lasok irabazi zuen saria. Denboraldian garaipen gehien lortu dituen taldeko entrenatzailea saritzea da aitortza horren helburua, eta talde hori Real Madril izan da azken hiru urteetan. Aurten 27 garaipen lortu dituzte madrildarrek.
"Jendea nire taldeak estiloagatik antzemateko gai izatea gustatzen zait", esan du Pablo Lasok. Horren ustez, sari honek "denbora luzean egindako lana aitortzen du. Denboraldi batek 10 hilabete irauten duela kontuan izanda, hiru urtez jarraian saria jasotzeak nire esanetara egondako jokalarien kalitatea erakusten du, eta lehen partidatik lehiakorrak izan garela".