16 taldek osatuko dute
Euroligak formatu berria izango du datorren denboralditik aurrera
Agentziak | Erredakzioa
16 taldek osatuko dute, guztiek elkarren aurka jokatuko dute 30 jardunalditan. Ondoren, bost partidako kanporaketak etorriko dira. Laboral Kutxa Baskonia, 'aukeratutako' taldeen artean.
Saskibaloiko Euroligak formatu berria izango du 2016-2017. denboralditik aurrera. Hala erabaki dute Bartzelonan, A lizentzia duten talde hauek: Anadolu Efes, CSKA, Emporio Armani Milan, Bartzelona Lassa, Fenerbahce, Laboral Kutxa, Maccabi Tel-Aviv, Olympiacos, Panathinaikos, Real Madril eta Zalgiris Kaunas.
Formatu berriak 16 talde izango ditu, orain baino 8 gutxiago, gaur egun 24 taldek osatzen baitute Euroliga. A lizentzia duten 11 taldeek, Eurokopako txapeldunak, liga batzuetatik zuzenean sailkatuko diren hiru taldek eta zortzi taldek osatuko duten atariko sailkapen faseko txapeldunak parte hartuko dute Euroligan datorren denboralditik aurrera.
Denek denen aurka jokatuko dute 30 jardunaldi izango dituen fase erregular batean. Ondoren, bost partidako kanporaketak (hiru partida irabaztera) etorriko dira. Kanporaketa horietako lau irabazleak azken fasera sailkatuko dira, eta hortik aterako da txapelduna.
Formatu berria Eurokopan ere
Eurokopak ere formatu berria izango du. Orain arteko 36 taldeek barik, 24 taldek osatuko dute txapelketa. Horietako 21, herrialde bakoitzeko ligetatik sailkatuko dira, eta beste hirurak gonbidapenarekin sailkatuko dira.
Lau multzo egongo dira, eta multzo bakoitzean sei talde. Ondorioz, multzo bakoitzean hamar jardunaldi jokatuko dira. Ondoren, 'Top 16'a jokatuko da. Fase honetatik sailkatzen diren taldeek final-laurdenak jokatuko dituzte, gero finalerdiak etorriko dira, eta azkenik, finala.
rong>.