Itxi

Euroliga (Top 16a)

Caja Laboral-Cibona, (102-90): Garaipena eta final-laurdenetara!

Andoni Beldarrain

Erredakzioa

Luzapenean aurkaria baino askoz gehiago izan da Baskonia eta CSKA Moskuren aurka jokatuko du lauko-finalerako txartela. Khimkik irabazi egin du, baina txapelketatik at geratu da.

Caja Laboral Baskoniak 102-90 irabazi du Cibonaren aurka eta ondorioz Euroligako final-laurdenetara sailkatu da. Khimkik bere partida irabazi du Olympiakosen aurka (96-83), baina final-laurdenetatik at geratu da.

Bi taldeek zalantza askorekin ekin zioten partidari eta lehen saskiratzea ez zuten minutu bat eta hogei segundo igaro arte pasa. Teletovicek sartu zituen lehen bi puntuak (2-0). Indartsu hasi zen Ivanovicen taldea eta 9-3 jarri zen markagailuan agintzen. Orduan, kanpoko taldearen erreakzioa etorri zen 0-7ko partzialarekin 9-10 aurretik jarri baitziren. Gero, Baskoniak eman zuen kolpea 7-0eko partziala lortuz (16-10), baina azken minutuetan ez zuten ondo jokatu eta Cibona iritis zen abantailarekin lehen hamar minutuen bukaerara (18-19).

Bigarren laurdenean Baskoniak ez zuen bere jokoa aurkitu. Hasieran, Cibonak agindu zuen taulapean, baina Baskoniak azkar erreakzionatu zuen partida berdinduz (26-26). Momentu horretan Cibona gora etorri zen eta bisitarien aldeko 32-37ko emaitzarekin iritsi zen partida atsedenaldira.

Atsedenalditik bueltan bazirudien Baskoniak aurretik erakutsitako jokoa hobetu nahi zuela, baina ustean bakarrik geratu zen. Pixkanaka Cibona abantaila garrantzitsuak hartzen hasi zen eta 11 puntuz aurretik ere izan ziren bisitariak. Azken minutuetan, Baskoniak aldeak pixka bat murriztu zituen eta hirugarren laurdena 49-55eko emaitzarekin bukatu zen.

Azken laurdenaren hasieran hirukoekin josi zuten kroaziarrek Baskonia eta alde handia lortu zuen. Caja Laboral jota egon zen minutu askotan eta azkenean soilik erreakzionatu zuen. Bukaerara iristeko minutu eta 35 segundo falta zirenean lau puntura hurbildu zen talde gasteiztarra (70-74). Partida bukatzeko 50 segundo falta zirenean aurretik jarri zen Baskonia (75-74). Azkenean, berdinduta bukatu zen laugarren laurdena (78-78) eta partida luzapenean erabakiko zen.

Luzapena hasi eta bere ahala Baskoniak sei puntuko aldea lortu zuen (86-80). Jarraian, ordea, Cibona bi puntura jarri zen (86-84). Azken minutuetan aurkaria baino gehiago izan zen talde gastezitarra eta 102-90 irabazi zuen. Horrenbestez, Baskonia final-laurdenetarako sailkatu da eta CSKA Mosku izango du aurkari.

Fitxa Teknikoa:

102 - Caja Laboral (18+14+17+29+24): Ribas (4), English (9), San Emeterio (19), Teletovic (25), Barac (10), Huertas (16), Eliyahu (6), Oleson (3), Herrmann (10),&' || 'nbsp; Singletary.

90 - Cibona Zagreb (19+18+18+23+12): Gordon (13), Udrih(13), Tomas (23), Radosevic (4), Andric(8), Vukusic (20), Troha (3), Bagaric (6).