ACB finala (3-0)
Caja Laboral-Bartzelona (79-78): Baskonia, luzapenean txapeldun
Sara Lavado
Erredakzioa
Amaiera zirraragarria izan da eta Baskoniak bere ibilbideko hirugarren ACB titulua eskuratu du azken segundoan San Emeteriok egindako jokaldiari esker.
Caja Laboral Baskoniak ACB Ligako titulua irabazi du Regal Bartzelonaren aurka jokatutako finalean hirugarren garaipena jarraian eskuratuta. Garaipena luzapenean izan da neurketa gogorra eta lehiatuaren ondoren. Eliyahuk partida bikaina jokatu du eta San Emeterio izan da azken hiru puntuen egilea, garaipenarenak, hain zuzen ere.
ACBko finalaren hirugarren partida eta Buesa Arenako zaleen erantzuna, bikaina, giro aparta. %100ean atera da Baskonia eta epaileek oso urduri zegoen Dusko Ivanovic ohartarazi dute. Lehen laurdenaren amaieran 22-18koa zen markagailua Englishen hirukoa eta Eliyahuren saskiratzeari esker. Spliterrek 14 puntuko balorazioa jaso du aurreneko hamar minutuetan, 6 puntu eta 4 erreboteekin.
Bigarren laurdeneran giro asko berotu da, Eliyahu izan da jokalari azpimarragarriena eta 16. minutuan bederatzi puntuko aldea lortu du etxeko taldeak (37-28). Atsedenaldian, bosteko errenta zuten (41-36). Pascualen taldea pixka bat hobeto ari zen.
Baina erabateko susperraldia hirugarrenean lortu dute bisitariek, atzean batez ere. Baskoniak, bestalde, kostata saskiratzen zuen. 29.ean aurretik jarri da Bartzelona (50-51) Navarroren hiru jaurtiketekin eta azken hamar minutuei puntu bateko abantailarekin egin die aurre (52-53).
Azken laurdena, zirraragarria. Baskoniak garaipena eskura izan du azken segundoan, baina Terence Morrisek Eliyahuri egindako, legez kontrako, txapelak saihestu du. Baloia jaisten ari zen eta beraz, saskiratzea zen.
Bihotzekoa emateko moduko luzapenean Baskoniak Xavi Pascualen taldea gainditu du azken segundoan San Emeteriok egindako jokaldiari esker. Baskonia txapeldun!!
Fitxa teknikoa:
79 - Caja Laboral (22+19+11+14+13): Huertas (9), Oleson (7), San Emeterio (6), Teletovic (8), Splitter (14) -hasierako bostekoa-, Ribas (3), English (3), Palacio (4), Herrmann (7), Eliyahu (18).
78 - Regal Bartzelona (18+18+17+13+12): Rubio (14), Navarro (18), Mickeal (16), Morris (9), Lorbek (9) -hasierako bostekoa-, Vazquez (2), Lakovic (2), Grimau, Basile (1), N''Dong (4), Sada (3).