ACB egutegian
Caja Laboral Baskonia: AEBetako birak aldaketak eragingo ditu
Erredakzioa
Urriaren 12an jokatuko du ACB Ligako hirugarren jardunaldiko neurketa, Kanaria Handiaren aurka.
Bere web orrian ezagutzera eman duenez, Baskoniak eta talde kanariarrak euren arteko partida aste barruan jokatzeko akordioa lortu dute, ezinezkoa baita partida urriaren 16an edo 17an jokatzea. Aukeratutako eguna, urriaren 12a, jai-eguna da.
Talde gasteiztarrak partida aurreratzeko eskaera egin zion ACBri, eta ordutik ari dira bi taldeak partida hori aurreratzeko hartu-emanetan.
Caja Laboralek kanariarren aurka jokatu ondoren hasiko du AEBetako bira. Gasteiztarrek NBAko taldeen aurka jokatuko dute, Euroligako ordezkari bezala; urriaren 14an, esaterako, Memphis Grizzlies talde ezagunaren aurka arituko dira.
Bi egun geroago, baskoniarrak Tiago Splitterren San Antonio Spursen aurka lehiatuko dira. Pibot brasildarrak aurrenekoz jokatuko du 10 urtez bere taldea izandakoaren aurka.
Kanaria Handiaren aurka jokatu baino lehen, Dusko Ivanovicen taldea Unicajaren aurka arituko da Martin Carpenan. Liga hasiera gogorra izango dute arabarrek, lau eguneko tartean bi partida garrantzitsu jokatuko baitituzte.