Itxi

Akordioa

2019rako 16 talde izatea adostu du ACBko biltzarrak

Erredakzioa

Leer en Castellano

ACBko Biltzar Nagusia osatzen duten taldeek gaur erabaki dutenez, txapelketan arituko diren taldeak 16ra murriztuko dituzte 2019rako.

Liga Endesa lehiaketaren aurkezpena. Argazkia: EFE

ACBko Biltzar Nagusiak datozen zazpi urteetarako egonkortasun konpromisoa adostu du astelehen honetan, baita bide orri bat ere. Horren arabera, egun ACB lehiaketan parte hartzen duten 18 taldeak 16 izatera pasatuko dira 2019. urteari begira.

Horretarako, 2017/18 eta 2018/19 denboraldietan bi talde jaitsiko dira, eta bakarra igo, 2019an 16 talde izan daitezen lehian. Hurrengo denboralditik aurrera (2019/20), talde bat jaitsiko da eta beste bat igo.

Era berean, beste gai hauek ere adostu dituzte klubek: urtero berrikusi ahalko den gutxieneko aurrekontu batekin jarraitzea, kluben artean dagoen banaketa ekonomikoari eustea eta Kirol Kontseilu Nagusiak ACBko kluben gainean emandako finantza- eta ekonomia-gomendioak kontrolatzeko neurriak ezartzea (Urrezko LEB ligatik igoko den taldeari ere eragingo diote).

Aipatutako akordioa asteartean igorriko diete Kirol Kontseilu Nagusiari eta Espainiako Saskibaloi Federazioari, ligek aurrera egin baino lehen "adostasun orokor bat lortze aldera".

Endesa Ligaren aurkezpena

Endesa Liga gaur aurkeztu da hedabideen aurrean; izan ere, asteburu honetan bertan abiatuko da. Ostiralean jokatuko da lehen partida, eta Baskonia arituko da bertan, Bartzelonaren etxean.

Larunbatean, Bilbao Basketi egokituko zaio jokatzea, Andorraren aurka, haren etxean. Igandean, berriz, Gipuzkoa Basketek jardungo du, Kanaria Handian, Herbaliferen kontra. Horrenbestez, ACB txapelketan arituko diren hiru euskal taldeei kanpoan jokatzea egokitu zaie ACBko egutegiko lehen jardunaldian.

Lehen jardunaldiko partidak:

- Barça Lassa - Baskonia (irailak 29, ostirala, 21:00etan)
- Montakit Fuenlabrada - RETAbet Bilbao Basket (irailak 30, larunbata, 19:30ean)
- Monbus Obradoiro - Tecnyconta Zaragoza (irailak 30, larunbata, 20:00etan)
- Betis Energía Plus - Valentzia (urriak 1, igandea, 12:30ean)
- UCAM Murcia - Unicaja (urriak 1, igandea 12:30ean)
- San Pablo - Iberostar (urriak 1, igandea, 12:30ean)
- Herbalife Kanaria Handia - Gipuzkoa Basket (urriak 1, igandea, 13:00etan)
- Real Madril - MoraBanc Andorra (urrik 1, igandea, 18:30ean)

Albisteak (2)