Erreginaren Kopa
IDK Gipuzkoak partida bikaina jokatu eta finalerdietarako txartela lortu du (61-79)
Eitb.eus
Donostiarrek egungo txapelduna, Perfumerias Avenida, izango dute aurkari, larunbatean.
IDK Gipuzkoa taldeak Erreginaren Kopako finalerdiak jokatzeko sailkatu da ostiral honetan, Galiziako Star Center Uni Ferrol taldea nabarmen azpiratu ostean.
Donostiarrek norgehiagoka handia jokatu dute hasi eta buka, eta apenas utzi diete galiziarrei aukerarik. Izan ere, lehenengo laurden parekatuaren ostean (16-16), bigarrenean egindako lanari esker abantailak hartzen hasi dira, eta ordutik aurrera ez diote utzi norgehiagokan aurretik egoteari.
Hala, atsedenaldira heldu direnean, zazpiko aldeko tartea zuten Azu Muguruzak zuzentzen dituen neskek (32-29).
Hutsarte luzetik bueltan, lehiak antzeko bidean jarraitu du. IDK Gipuzkoak berean jarraitu du, eta Uni Ferroleko jokalariak etsitzen hasi dira apurka-apurka, ez baitzuten ikusten nola gainditu donostiarren defentsa. Horren isla izan da hirugarren laurden amaierako aldea 15 puntura igo izana (47-62).
Azken laurdenak ez du historiarik izan, eta abantailak gora egiten jarraitu du, 20 puntukoa izatera iritsi arte. Bukaerako emaitzak, garbi utzi du gipuzkoarren nagusitasuna: 61-79.
Lyndra Weaver izan da gipuzkoarren aldetik puntu gehien sartu dituena (22), baita balorazio onena lortu duena ere (29).
Perfumerias Avenida, final-erdietan
Final-laurdenetako sailkapena poltsikoratu ostean, IDK Gipuzkoak egungo txapelduna, Perfumerias Avenida, izango du aurkari, larunbatean, 12:00etan.