Euskal Kopako finala
Araskik eskuratu du Euskal Kopa, Lointek Gernikari gailenduta
M. D. | eitb.eus
Bigarren urtez jarraian irabazi dute gasteiztarrek. Hobeto jokatu dute gernikarrek lehen zatian, baina atsedenaren ostean markagailua irauli dute arabarrek (70-60).
Your browser doesn’t support HTML5 video
RPK Araskik bigarren urtez jarraian irabazi du Euskal Kopa. Lointek Gernikari nagusitu zaio (70-60), Durangoko Landako kiroldegian.
Bi zati desberdin izan ditu neurketak. Lehenengoan, gertu izan dira bi taldeak markagailuan, baina Lointek Gernikak ondo bideratuta izan du jokoa. Kanpotik zein barrutik, nahi izan duen bezala kontrolatu du partida. Lehen zatia 13-14 bukatu da.
Errebotea menperatu dute gernikarrek, eta Araski kontrolpean izan dute. 26-31ko markagailuarekin amaitu da bigarren laurdena.
Atsedenaldiaren ostean, hobeto itzuli da aldageletatik Araski. 9-0eko partzialarekin, buelta eman dio markagailuari (35-34).
Hirugarren laurdenean, ezin saskia aurkituta ibili da Lointek Gernika, beti arabarren atzetik. Iparra galduta, kostatu egin zaie gernikarrei Araskiri aurre egitea.
Araski, aldiz, taldeko defentsa bikaina eginda eskuratu du nagusitasuna. Hala ere, 2 puntuko aldearekin heldu dira azken laurdenera (47-45).
Lointek Gernikaren erreakzioak buelta eman dio markagailuari, baina ezin izan diote eutsi, eta azkenean, Araskik nahi izan duen tokira eraman du norgehiagoka.
Partzialak: 13-14, 13-17, 21-14 eta 23-15.