Gaur, 20:45EAN
Kirolbet Baskonia, lidergoa defendatzera; Delteco GBC, zalantzak usatzera
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arabarrek eta gipuzkoarrek Endesa Ligako bigarren jardunaldia irekiko dute gaur San Pablo Burgos eta Tecnyconta Zaragoza taldeen aurka, hurrenez hurren.
Kirolbet Baskoniak Endesa Ligako bere lidergoa estreinatuko du asteazken honetan San Pablo Burgosen aurrean; bere aldetik, Delteco GBCk Tecnyconta Zaragozari egingo dio bisita, bigarren jardunaldiari hasiera emango dioten lehendabiziko bi norgehiagoketan.
Horrenbestez, Baskoniak, sailkapeneko buruan azken aldiz egon zenetik bi urte igaro ostean, denboraldi hasiera onari jarraipena eman nahi dio Burgosen. Bertan, Compostelan galtzetik datorren San Pablo izango du zain.
Tornike Shengelia gasteiztarren kapitainak sasoi betean ekin dio txapelketari, lehen jardunaldiko jokalaririk onena izan baitzen 31ko balorazioarekin. Bere ekarpena nabaria izan zen arabarrek Tecnyconta Zaragozaren aurka lortutako garaipenean (99-76).
Hain zuzen ere, Tecnyconta izango da Delteco GBCren aurkaria bigarren jardunaldi honetan. Gipuzkoarrak denboraldiko lehen partida irabazteko asmoz abiatuko dira Zaragozara, eta bertan Porfi Fisacekin elkartuko dira berriz, hots, zazpi urtez euren entrenatzailea izan zenarekin.
Deltecok Fuenlabradaren aurkako porrotaren (60-76) zapore mikatza kentzea du helburu. Xede hori erdiesteko bidean, Sergio Valdeolmillos entrenatzaileak ezin izango du oraindik min hartuta dabilen Vitor Faverani pibot brasildarra kantxaratu.
2. JARDUNALDIA
Asteazkena 3
San Pablo Burgos - KIROLBET Baskonia, 20:45
Tecnyconta Zaragoza - Delteco GBC, 20:45
Osteguna 4
BAXI Manresa - Barça Lassa, 20:45
Montakit Fuenlabrada - Unicaja, 20:45
Iberostar Tenerife - Cafes Candelas Breogan, 21:30
Herbalife Kanaria Handia - Monbus Obradoiro, 21:30
UCAM Murtzia CB - Movistar Estudiantes, 20:30
Ostirala 5
Divina Seguros Joventut - MoraBanc Andorra, 20:45
Valentzia Basket Club - Real Madril, 20:45