Eurocup
Lointek Gernikak oso bideratuta utzi du kanporaketa (92-50)
eitb.eus
Bizkaitarrak jaun eta jabe izan dira Namur talde belgikarraren aurkako neurketan, eta oso gertu dute Eurokopako multzoen faserako sailkapena.
Lointek Gernikak irabazi egin du astelehen honetan Basket Namur talde belgikarraren kontra, Eurokopako multzoen fasera sailkatzeko balio duen kanporaketako joaneko partidan.
Gernikako Malosten jokatutako norgehiagokan, etxekoak goitik behera nagusitu dira; izan ere, bisitariek sartu duten partidako hasierako saskiratzea kenduta (0-2), uneoro izan dute alde markagailua. Horren adierazle dira laurden bakoitzean egon diren emaitzak: 18-6, 36-18 (atsedenaldian), 64-27 eta 92-50 (amaieran).
Gernikarren artean Gintare Mazionyte izan da saskiratzaile nagusiena, 17 punturekin. Lituaniarraz gain, beste lau jokalarik ere 10 puntutik gora sartu dituzte: Valeriya Berezhynska (16 puntu) Rachael Vanderwal (16), Margaret Roundtree (12) eta Itziar Ariztimuño (11).
Horrenbestez, Mario Lopezek entrenatzen duen taldeak 42 puntuko aldearekin egingo dio aurre ostegun honetan bertan jokatuko den itzuliko lehiari. Partida Belgikan izango da, 20:30etik aurrera, Hall Octave Henry kantxan.
Namurrek iazko Eurokopan ere hartu zuen parte, eta lehen postua erdietsi zuen multzoen fasean, baina Enisey Errusiako taldeak kanporatu zuen hurrengo kanporaketan. Gernikak, berriz, ez zuen lehen fasea gainditu.