Itxi

EUROKOPA

Lointek Gernikak galdu egin du etxean lider sendoa den Gironaren aurka (47-78)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Bizkaitarrek apenas izan dute partida lehiatzeko aukerarik, erabat nagusi agertu den aurkariaren aurrean.

Lointek Gernikak ezin izan dio UniGirona garaitu. Argazkia: ETBko bideo batetik hartutako irudia.

Lointek Gernikak Bizkaiari zaildu egin zaio apur bat Eurokopako bere ibilbidea, Spar Citylift Girona taldearen aurka Malosten jipoia jaso ondoren (47-78). Kataluniarrek, ordea, ligaxkako laugarren garaipena erdietsi dute, eta esku-eskura daukate hurrengo faserako txartela.

Perfumerias Avenidasekin batera Dia Ligako liderra den talde gernikarrak denboraldiko bigarren lehia galdu du asteazken honetan, biak ere Europan eta Gironaren aurka. Ligaxkako estreinaldian esku-hutsik itzuli behar izan zuten kataluniarren etxetik, eta oraingoan ere bizkaitarrek apenas izan dute partida lehiatzeko aukerarik, erabat nagusi agertu den aurkariaren aurrean. Horren adierazle da lehen laurdena bukatzean, bisitariek dagoeneko 10 puntuko aldea zutela (11-21).

Bigarren laurdenean zehar etxekoek zenbait unetan markagailuan hurbiltzea lortu badute ere, azkenerako Girona 12 puntuko abantailarekin joan da aldageletara (31-43).

Aldageletatik igaro eta gero, Eric Surisek entrenatzen dituen neskek ez dute erritmoa jaitsi, eta lehia erabakita utzi dute 9-18ko partzialarekin. Ondorioz, 10 minutuko hirugarren tartea amaitu denean, 21 puntuko zuloa islatzen zuen markagailuak (40-61).

Alabaina, ez da hor amaitu Gironaren erakustaldia, multzoko liderrak direnek 29 punturaino zabaldu baitute euren aldeko errenta norgehiagokaren amaiera heldu denean (47-78).

Gernikarren aldetik, Jazmon Gwathmey (16 puntu) eta Valeriya Berezhynska (14 puntu eta 6 errebote) izan dira jokalari onenak. Bisitarien lerroetan, berriz, Keisha Hampton (21 eta 9) eta Nadia Colhado (18 eta 10) arduratu dira bere taldea gidatzeaz.

Lointeken hurrengo partida Hungarian izango, Gyorren kantxan, abenduaren 5ean. F multzoko bigarren tokian sailkatuta joango da bertara Mario Lopezek zuzentzen duen taldea. Han irabaziz gero eta multzoko beste partidako emaitza lagun izango balute (hau da, Gironak Uniao Sportiva taldeari irabaztea), hurrengo fasean izateko eskubidea lortuko lukete gernikarrek, ligaxka amaitzeko neurketa baten faltan.

Albisteak (3)