EUROKOPA
Lointek Gernikak galdu egin du Hungarian eta zaildu egin zaio sailkapena (79-61)
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lehia galtzeaz gain, Mario Lopezen taldeak ezin izan dio eutsi Uni Gyorren aurka Malosten lortu zuen 12 puntuko aldeko averageari.
Lointek Gernika Bizkaiak galdu egin du asteazken honetan Uni Gyor talde hungariarren aurka (79-61), Eurokopako ligaxkako 5. jardunaldiari zegokion partidan. Lehia galtzeaz gain, Mario Lopezen taldeak ezin izan dio eutsi talde hungariarren aurka Malosten lortu zuen 12 puntuko aldeko averageari.
Ligaxka amaitzeko norgehiagoka baten faltan, bizkaitarrek zein hungariarrek emaitza berak lortu dituzte orain arte, hau da, bi partida irabazi eta hiru galdu. Ondorioz, hurrengo kanporaketan egon nahi badute, gernikarrek Uniao Sportiva talde portugaldarrari irabazi behar diote etxean, eta, aldi berean, Uni Gyorrek Gironaren aurka gal dezala itxaron behar dute.
Partidan zehar beti joan dira aurretik etxekoak, nahiz eta lehen laurdena parekatuta amaitu den (20-16). Hortik aurrera, baina, Gyorreko neskek beste abiadura bat ezarri eta tarte handia zabaldu dute markagailuan. Hartara, 16 puntuko aldea zegoen bi taldeen artean bigarren laurdenaren bukaeran (43-27).
Atsedenaldiaren ostean, ez da neurketako gidoia aldatu, eta Hungariakoek zuloa areagotzen jarraitu dute (57-33, 26. minutuan). Gernikarren erreakzioak markagailua estutu badu ere (67-56, 34. minutuan), Dia Ligan lider den taldeak (Perfumerias Avenidasekin berdinduta) ezin izan dio alde horri eutsi, gutxienez averagea salbatze aldera, eta azkenerako 18 puntugatik galdu du.
Blake Dietrick (22 puntu) eta Rachael Vanderwal (11) izan dira hamar puntutik gora sartzeko gai izan diren jokalari bakarrak.