Eurocup
Lointek Gernika Eurokopako hurrengo fasean egongo da
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizkaitarrek Uniao Sportivaren aurkako lehia irabazteaz gain (84-66), lagun izan dute Gironak Uni Gyorren etxean lortu duen garaipenak (56-78).
Lointek Gernika Bizkaia lehen aldiz sailkatu da Eurokopako bigarren fasean egoteko. Bizkaitarrek Uniao Sportiva talde portugaldarraren aurka irabazi dute asteazken honetan, Malosten jokatutako partidan (84-66). Alabaina, bere norgehiagoka irabazteaz gain, Lointekek beste emaitza bat izan behar zuen alde, eta hala gertatu da. Izan ere, Spar Citylift Girona aise gailendu zaio Uni Györ talde hungariarrari (56-78).
Horrenbestez, Bizkaiko taldeak txapelketako hurrengo fasean izateko eskubidea lortu du, F multzoko bigarren tokian sailkatu eta gero.
Lointekek, alabaina, uste baino zailtasun gehiago izan ditu neurketa bereganatzeko, nahiz eta azken emaitzak bestelakorik iradoki, lehiako lehen hiru laurdenak oso parekatuta joan baitira.
Berdinduta amaitu den lehen laurdenaren ostean (18-18), portugaldarrek bost puntuko errenta hartu dute (21-26, 16. min), baina etxekoek markagailuari buelta ematea erdietsi dute atsedenaldira heldu orduko (35-34).
Uniao Sportiva aurretik joan da hirugarren laurdeneko tarte batean ere (40-41); dena den, gernikarrek berriro jakin dute markagailua euren alde jartzen laurdena bukatu denean (57-54).
Mario Lopezen neskek indartsu ekin diete azken 10 minutuei 12-0eko partzial batekin, eta partida hautsi dute behin betiko (69-54). Abantaila handi horrek neurketako azken txanpaz gozatzea ahalbidetu die zaleei, jakitun baitziren Hungariatik albiste onak zetozela.
Etxekoen aldetik honako hauek izan dira lehiako jokalari nabarmenenak: Blake Dietrick eskolta (22 puntu eta 5 asistentzia), Rachael Vanderwal joko-antolatzailea (17 puntu eta 6 errebote) eta Valeriya Berezhynska pibota (13 puntu eta 8 errebote).