Itxi

ERREGINAREN KOPA

Araskik ezin izan du aurrera egin 'bere' kopan (66-60)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Etxekoek 17 puntuko errenta izan dute euren alde, baina ezin izan dute baliatu finalerdietara sailkatu ahal izateko

Binta Drammeh Araskiko jokalaririk nabarmenena. Argazkia: EFE

RPK Araski Erreginaren Kopatik kanpo geratu da ostegun honetan, Cadi La Seu taldearen aurka 66-60 galdu eta gero. Etxekoak 17 puntugatik joan dira irabazten lehen laurdenean (7-24), baina Andrea Vilaro eskolta bisitariak egindako lan ikusgarriak, batez ere bigarren zatian, bertan behera utzi ditu gasteiztarren itxaropenak. Vilarok 21 puntu sartu, 8 errebote harrapatu, 5 asistentzia banatu eta 28ko balorazioa lortu du denetara.

Georgina Bahi bere taldekideak ere asko lagundu dio emaitza iraultzeko zereginean, 13 errebote lortu baititu. Araskiren aldetik, berriz, Binta Drammeh (21 puntu) eta Ariel Edwards (17 puntu eta 10 errebote) nabarmendu dira.

Arabarrek oso indartsu ekin diote lehiari, hiruko lerrotik hutsik egin gabe, eta neurketa hautsi dute hasi eta berehala. Euren lehendabiziko bost saskiratzeak hirukoak izan dira, eta 5 eta 15 jarri dira irabazten seigarren minuturako.

Lehen laurdena bukatu denean, Madalen Urietaren neskek zazpi saskiratze lortu dituzte (horietatik sei, hirukoak), eta horri esker 11 eta 24ko aldeko emaitzarekin amaitu dute lehen tarte hori.

Gerora, gutxika-gutxika, Cadikoak neurketaren barruan sartu dira, 7 eta 0eko partzial batekin (23-17, 17. min). Dena den, atsedenaldira bederatzi puntu goitik iritsi dira gasteiztarrak (28-37, 20. min).

Araskikoek, baina, ahazteko moduko hirugarren laurdena jokatu dute. Baloi ugari galdu dituzte, eta saskiaren aurrean erabat antzu azaldu dira (bost puntu besterik ez dituzte erdietsi 10 minutu horietan). Katalanek, ordea, lanean jarraitu dute, eta markagailuan zegoen zuloa ezerezean uzteaz gain, aurretik jarri dira hirugarren laurdenaren amaierarekin batera (43-42). Tarte horretan, Vilarok zortzi puntu lortu ditu bata bestearen atzetik.

Azken hamar minutuak zirraraz beteta egon dira. Markagailuan gorabehera eta berdinketa ugari egon dira, baina bi minutu eta erdiren faltan, Vilarok hiruko bat sartu du bere taldearen aldeko abantaila handiena lortuz. Hortik aurrera, markagailuko aldeari eutsi, eta finalerdietan egoteko eskubidea bereganatu dute katalanek.

Larunbatean, Spar Citylift izango da euren aurkaria; izan ere, Gironako taldea 52-49 gailendu zaio Valentzia Basketi eguneko beste final-laurdenean.

Albisteak (1)