LAUKO FINALA
Anadolu Efes eta CSKA izango dira Euroligako finalean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Turkiarrek nagusitasunez irabazi diote Fenerbahçeri (73-92); Moskukoek, berriz, askoz gehiago sufritu behar izan dute Real Madril kanporatzeko (95-90).
Shane Larkin Baskoniako jokalari ohiak Anadolu Efes Euroligako Lauko Finalera sailkatu du, Fernando Buesa Arenan eman duen erakustaldia dela medio. Efesek pronostikoak hautsi ditu, Fenerbahçe baitzegoen guztien ahotan turkiarren arteko finalerdian aurrera egiteko (73-92).
Eskolta estatubatuarra geldiezina izan da aurkarientzat (30 puntu, 7 errebote, 7 asistentzia eta 43ko balorazioa), eta bere taldea Euroligako lehen finalean sartu du txapelketak egungo formatua duenetik. Horren guztiaren adierazle da Larkinek harmailetatik jaso duen txalo zaparrada, aulkian azken aldiz eseri denean.
Ergin Atamanek zuzentzen duen taldeak hala behar izan duenean, beste zenbait jokalarik ere bere ekarpena egin dute: batez ere Vasilije Misic (25 puntu, 5 errebote eta 27ko balorazioa) eta Bryant Dunston (9, 10 eta 16).
Hartara, sasoi betean ibili diren Larkinen eta Micicen aurrean, Fenerbahçek ez du erantzuteko gaitasunik izan. Itxura guztien arabera, Zeljko Obradovicen taldeak Luigi Datomeren eta Joffrey Lauvergneren hutsuneak nabaritu ditu, eta ez da txapelketako azken norgehiagoka handian izango lehen aldiz lau urteren buruan.
Fitxa teknikoa:
73 - Fenerbahçe (20+20+17+16): Ali Muhammed (4), Green (13), Guduric (8), Melli (9) eta Duverioglu –hasierako bostekoa–; Sloukas (8), Mahmutoglu (5), Kalinic (12), Vesely (14), Biberovic eta Guler.
92 - Anadolu Efes (19+26+23+24): Micic (25), Larkin (30), Simon, Moerman (7) y Dunston (9) –hasierako bostekoa–; Balbay, Beaubois (2), Anderson (10), Motum (9) eta Pleiss.
Partzialak: 20-19, 40-45 (atsedenaldia); 57-68 eta 73-92 (amaiera).
Epailea: Luigi Lamonica (Italia¿), Olegs Latisevs (Letonia) eta Mehdi Difallah (Frantzia).
CSKA Real Madrili gailendu zaio (95-90)
Sergio Rodriguez. Argazkia: EFE
Finalerdietako bigarren norgehiagokan CSKA Moskuk Real Madril kaleratu du bere bi joko-antolatzaileen (Nando De Colo frantziarra eta Sergio Rodriguez kanariarra) lan izugarriari esker (95-90)
Madrildarrak 14 puntuz egon dira irabazten hirugarren laurdeneko zenbait unetan; alabaina, azken laurdenean, ideia gabe geratu dira, eta Moskukoek neurketa irauli dute (17-30).
Ondorioz, igandean, jokatuko den Euroligako finalean (20:30), Anadolu Efesek eta Moskuko CSKAk neurtuko dituzte indarrak. Berriz, Real Madril eta Fenerbahçe hirugarren eta laugarren tokiengatik lehiatuko dira (17:30).
Fitxa teknikoa:
95 - CSKA Mosku (18+25+20+30): De Colo (23), Hackett (3), Kurbanov, Clyburn (18) eta Hunter (8) –hasierako bostekoa–; Sergio Rodriguez (23), Higgins (11), Hines (6), Bolomboy eta Peters (3).
90 - Real Madril (22+23+28+17): Campazzo (10), Rudy Fernandez (10), Taylor (3), Randolph (12) eta Tavares (6) –hasierako bostekoa–; Llull (13), Causeur (18), Carroll (5), Thompkins (9), Ayon (2) eta Deck (2).
Partzialak: 18-22, 43-45 (atsedenaldia); 65-73 eta 95-90 (amaiera).
Epailea: Matej Boltauzer (Eslovenia), Borys Ryzhyk (Ukraina) eta Anne Panther (Alemania). Kanporatutakoak: Campazzo (40. min), Tavares (40. min) eta Rudy Fernandez (40. min).