Ofiziala
Baskoniak eta Bilbao Basketek Euskal Kopako finala jokatuko dute, irailaren 14an
Agentziak | Erredakzioa
Bestalde, emakumezkoen mailako finala laukoitza izango da, Durangoko Landako Kiroldegian. Finala irailaren 20tik 22ra bitartean jokatuko da.
Kirolbet Baskoniak eta RETAbet Bilbao Basketek irailaren 14an jokatuko dute 2019ko Euskal Kopa, Barakaldoko Lasesarre Kiroldegian. Euskadiko Saskibaloi Federakundeak ofizial egin duenez, partida 21:00etan izango da.
2018ko edizioan, Bilbao Basket txapeldun izendatu zen, finalean Gipuzkoa Basket garaitu ostean. Aurten, aldiz, Donostiako taldeak Urrezko LEB Ligan jokatuko du eta, beraz, LEB mailako Euskal Kopa jokatu beharko du.
Bestalde, gizonezkoen mailan Endesa Ligako bi taldeek jokatuko badute Euskal Kopako finala, emakumezkoen mailan formatua, aldiz, erabat ezberdina izango da.
Lehenik eta behin, Emakumezkoen Bigarren Ligako taldeek jokatuko dute eta, ondoren, Emakumezkoen Lehen mailako taldeekin ikusiko dute elkar, finalaurrekoetan.
Añares Rioja ISBk, GDKO Ibaizabalek eta Ausarta Barakaldo ESTk jokatuko dute lehendabiziko ligaxka, irailaren 7an, 14an eta 15ean. Bertatik, talde bakarra jokatuko du RPK Araskiren aurkako finalaurrekoa.
Beste finalaurrekoan, berriz, Lointek Gernika Bizkaia eta IDK Gipuzkoa lehiatuko dira. Azkenik, final laukoitza jokatuko dute Emakumezkoen Euskal Kopan, Durangoko Landako Kiroldegian, irailaren 20tik 22ra bitartean.
Aurreko denboraldiko edizioan, Araski txapelduna izan zen, berriro ere, Lointek Gernika garaitu ostean.
Aurretik aipatu dugun moduan, Urrezko LEB Ligako Euskal Kopa izango da. Baina, aldi berean, EBA Ligako taldeek ere haien txapelketa izango dute.