Itxi

EUROKOPA, 72-50

Valentziaren hirukoek aukerarik gabe utzi dute Lointek eta Europatik kanpo geratu da

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Bizkaitarrek gertu izan dute une batzuetan joaneko neurketatik zeramaten hamar puntuko desabantaila murriztea, baina etxekoen kanpoko jaurtiketekin egin dute topo.

Blake Dietrick aurkari bat gainditu nahian. Argazkioa: Lointek Gernika

Lointek Gernika Bizkaia Eurokopatik kanpo geratu da ostegun honetan, final-zortzirenetako itzulerako partidan Valentzia Basketen aurka berriro galdu ostean (72-50).

Hala ere, Mario Lopezek zuzentzen dituen neskek zalantzak sortu dizkiote etxeko taldeari. Izan ere, lehenengo laurdenaren zein hirugarren laurdenaren hasieran,  joaneko partidatik zekarten 10 puntuko desabantailari buelta emateko zorian egon dira bizkaitarrak, baina valentziarrek hiruko saskiratzeak baliatu dituzte estualdiak gainditzeko (21 ahaleginetik 11 sartu dituzte. Lointekek, ordea jaurtiketa bakarra erdietsi du 15 jaurtiketa egin eta gero).

Lointek Gernikak bizitasun gehiagoz ekin dio neurketari, Nikolina Milicen puntuetan oinarrituta. Horrela, Valentzia urduri jartzeko moduko errenta lortu dute gernikarrek, eta, gainera, jabetza bat ere izan dute kanporaketan aurretik jartzeko (17-25, 14. minutua).

Horren aurrean, Ruben Burgos valentziarren entrenatzaileak erreakzionatu egin du, eta mugikortasun handiko kanpoko hiru jokalariz osatutako egitura plazaratu du, tartean Roso Buch zegoela. Hain justu, katalanaren bi hirukok arnasa eman diote Valentziari gehien behar zuenean, eta markagailua berdintzeko balio izan die (27-27, 17. minutua).

Aitzitik, atsedenaldirako, Lointek berriro jarri da aurretik (29-31, 20. minutua), eta tarte polita lortu du berriz ere hirugarren laurdeneko hastapenean (29-35, 23. minutua).

Alabaina, Valentziak arazoak saihesteko ahalmena erakutsi du beste behin hirukoetan izandako jarioaren eskutik. Horrek ito egin ditu bizkaitarrak, eta azken laurdenerako alde erosoa eskuratu dute etxekoek (49-40, 30. minutua).

Mario Lopezenak saiatu dira erreakzionatzen, baina ahalegin bakoitzean Jana Raman edo Buch agertu dira euren itxaropenak hozteko (56-43, 33. minutua).

Azken minutuetan, Queralt Casas arduratu da etxekoen eraginkortasunari eutsi eta Dietricken puntuek Lointeken itxaropenak biziberritu ez zitzan.

Horrenbestez, gernikarrak Eurokopatik at geratu dira final-zortzirenetan, kanporaketako bi neurketak galdu ondoren.

Fitxa teknikoa:

72 - Valentzia Basket (12+17+20+23): Gomez (7), Casas (10), Brown (13), Abalde (2), Tirera (10) –hasierako bostekoa– Buch (14), Cotano (2), Gari (-), Raman (8), Resingerova (6) eta Segura (-)

50 - Lointek Gernika Bizkaia (19+12+11+8): Ocete (8), Dietrich (10), Roundtree (6), Arrojo (6) Milic (17) –hasierako bostekoa– Lo (2), Díez (-), Mazionyte (-), Molina-Prados (1) eta Ariztimuño (-).

Epaileak: Karakatsounis (GRE), Sakaci (TUR) eta Silvia (ITA). Ez dute inor kanporatu.

Albisteak (3)