87-77
Baskoniak Euskal Kopa irabazi du, Bilbao Basket gaindituta
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Dusko Ivanovicen jokalariak azken laurdenean gailendu zaizkie bilbotarrei.
TD Systems Baskoniak 87-77 irabazi dio Retabet Bilbao Basketi, eta Euskal Koparen titulua bereganatu du berriro Achille Polonara italiarrak jokatutako neurketa apartean oinarrituta (26 puntu). Bilbotarrak nagusi izan dira neurketako parte handi batean, baina gasteiztarren sendotasun fisikoak eta azken minutuetan izan duten eraginkortasunak erabakigarriak izan dira.
Dusko Ivanovicen jokalarien defentsa-lana eta abiadura Alex Mumbruren jokalarien ordenari eta joko-irakurketari gailendu zaizkie.
"Beltzezko gizonen" sentsaziorik onenak Ondrej Balvinek utzi ditu, 25 puntuko balorazioarekin. Jonathan Rousellek ere maisutasunez zuzendu du Bilboko taldea.
Gasteiztarren aldetik, Achille Polonara hegaleko pibotak 32 puntuko balorazioa lortu du, eta garbi utzi du Buesa Arenako jokalari garrantzitsuenak ondo ez daudenean agertzeko prest dagoela. Italiarrarekin batera, Rokas Giedraitis fitxaketa berriak partida ona egin du, 20 puntuko balorazioa lortuta.
Fitxa teknikoa:
87 - Kirolbet Baskonia (15+24+17+31): Henry (6), Raieste (4), Giedraitis (16), Polonara (26) eta Jekiri (8) –hasierako bostekoa–, Carrington (7), Sedekerskis (2), González (-), Diop (2) eta Peters (16).
77 - Retabet Bilbao Basket (25+17+17+18): Rouselle (9), Brown (11), Zyskowski (10), Kulboka (14) eta Balvin (18) –hasierako bostekoa–, Betolaza (-), Rigo (6), Reyes (-), Ruiz (-), Dos Anjos (-), Moses (3) eta Jones (6).
Epaileak: Juan Carlos García, Sergio Manuel eta Rubén Sánchez Mohedas. Jones (31. min) eta Rouselle (36. min) kanporatu dituzte Bilbao Basketen aldetik.
Gertaerak: Gasteizko Mendizorrotza kiroldegian jokatu dute Euskal Kopako finala, 445 ikusleren aurrean, koronabirusaren pandemiak eragindako konfinamenduaren ostean publikoarekin jokatu den saskibaloiko lehen partidetako batean.