18. JARDUNALDIA
Bilbao Basketek bereganatu du derbia, eta oso egoera larrian utzi du Acunsa (81-80)
A. A. | EITB MEDIA
Bilbotarrek laugarren partida irabazi dute, eta bi garaipenera aldendu dute sailkapenaren azken postuan dagoen talde donostiarra. Gainera, Jaime Echeniquek lesionatuta utzi du kantxa.
Your browser doesn’t support HTML5 video
RETAbet Bilbao Basket izan da garaile Acunsa GBCren aurka (81-80) Endesa Ligako 18. jardunaldian, jaitsiera saihesteko borrokan murgilduta dauden bi euskal taldeen arteko derbian. Gainera, partida galtzea ez da izan gipuzkoarrek izan duten albiste txar bakarra, Jaime Echenique pibot kolonbiarra lesionatu egin baita.
Bi taldeek argi utzi dute zergatik dauden Endesa Ligako sailkapenaren behealdean; izan ere, etxekoek behin baino gehiagotan xahutu dituzte markagailuan bereganatutako abantaila onak eta donostiarrek, bere aldetik, hiru jaurtiketa galdu dituzte alferrik azken jokaldian partida irabazteko.
Lehenik Johnny Dee izan da bere urruneko saiakera huts egin duena; ondoren, Jan Spanek saskiaren burdinaren aurka jaurti du, Julen Olaizolaren erasoko errebotearen ondoren, eta, azkenik Dino Radoncic izan da, denboraren premiak behartuta, eskuetan erori zaion beste errebote bat ahal izan duen bezala jaurti duena, baina eraginkortasunik gabe.
Akats horiek erabakigarriak bihurtu dituzte Jonathan Roussellek bere azken sei jaurtiketa libreetatik erdietsi dituen hirurak, GBCk 78-80 aurreratu ostean.
Frantziako antolatzailea, hala ere, Alex Mumbruren taldeko jokalaririk nabarmenena izan da (17 puntu, 10 asistentzia, 9 falta jaso eta 27 puntuko balorazioa). Harekin batera, Arnoldas Kulbokak (16 puntu eta 20ko balorazioa) eta Jaylon Brownek (16 puntu) ere ekarpen ona egin dute bilbotarrentzat.
Marcelo Nicola argentinarraren taldean onenak Radoncic (13, 12 errebote eta 23ko balorazioa) eta Dee (24 puntu eta 17ko balorazioa) izan dira. Echenique ere (13 puntu, 6 errebote eta 16ko balorazioa) partida ona egiten ari zen, lesionatuta alde egin behar izan duen arte, negarrez.
Garaipen honekin, Bilbao Basket lau garaipenekin kokatu da, beste zenbait talderekin berdinduta, nahiz eta oraindik azken-aurrekoa izan. Gipuzkoa Bazket, aldiz, azken postuan geratu da, bi garaipenekin besterik ez.
Fitxa teknikoa:
81 - RETAbet Bilbao Basket (16+22+58+23): Rousselle (17), Brown (16), Zyskowski, Kulboka (16) eta Dos Anjos (6) –hasierako bostekoa–; Jenkins (10), Reyes (2), Miniotas (4), Huskic (6), Aminu (4) eta Kljajic.
80 - Acunsa GBC (15+17+20+28): Faggiano (6), Dee (24), Oroz (2), Radoncic (13) eta Echenique (13) –hasierako bostekoa–; Span (5), Pere Tomàs (14), Francis, Magarty, Okouo (3) eta Olaizola.
Partzialak: 16-15, 38-32 (atsedenaldia); 58-52 eta 81-80 (amaiera)
Epaileak: Miguel Ángel Pérez, Francisco Araña eta Joaquín García. Ez dute inor kanporatu.