TOKIO 2020
Asier Garcia eta David Mouriz ere final-laurdenetara sailkatu dira
EITB MEDIA
Espainiako selekzioak irabazi egin dio Japoniari Asier Garciaren erakustaldiarekin, eta Alemaniaren aurka neurtuko ditu indarrak irailaren 1ean.
Gurpildun aulkiko saskibaloiko Espainiako selekzioak Japonia garaitu du multzoen faseko azken partidan, eta bere multzoko lehen postua eskuratuta igaro da final-laurdenetara. Alemania izango du zain bertan.
Espainiak multzoen fase ezin hobea egin du, partida guztiak irabazita. Japonia izan du azken aurkari, eta Asier Garcia bilbotarraren lan bikainarekin (27 puntu eta 12 errebote, 40 minutuan) garaitu ahal izan du etxeko taldea. David Mourizek, bere aldetik, protagonismo gutxiago izan du, baina bi puntu lortu ditu kantxan egon den bost minutuetan.
Lehen laurden parekatuaren ostean, bigarren laurdenean Espainia eraginkorrago agertu da saskiari begira, eta 18 puntuko aldearekin heldu da atsedenaldira.
Hurrengo bi laurdenetan, Espainiak ez dio markagailua iraultzeko aukerarik eman aurkariari, defentsan sendo aritu baita eta 46 errebote lortu ditu, horietatik 38 defentsan.
Espainiak, A multzoko liderrak, B multzoko laugarren postuan amaitu duen Alemaniaren aurka (bi garaipen eta bi porrot) jokatuko du final-laurdenetan. Beste neurketak Australia – Hego Korea, Estatu Batuak – Japonia eta Turkia – Britainia Handia izango dira. Partida guztiak irailaren 1ean jokatuko dira Ariake Arenan.
Fitxa teknikoa:
79 - Espainia (22+26+12+19): Dani Stix (4), Alejandro Zarzuela (13), Asier García (27), David Mouriz (2) eta Manuel Lorenzo Díaz (2) -hasierako bostekoa- Fran Lara, Amadou Diallo (6), Jordi Ruiz (10), Ignacio Ortega (8), Agustín Alejos (7), Oscar Onrubia eta Pablo Zarzuela.
61 - Japonia (18+12+17+14): Akira Toyoshima (4), Ryuga Akaishi (6), Tetsuya Miyajima (1), Reo Fujimoto (9) eta Takayoshi Iwai -hasierako bostekoa- Rensi Chokai (11), Rin Kawahara, Takuya Furusawa (15), Kiyoshi Fujisawa, Yoshinobu Takamatsu, Hiroraki Kozai (11) eta Kei Akita (4).