5. jardunaldia
Lointek Gernikari zaildu egin zaio Eurokopako hurrengo faserako sailkapena La Roche Vendeeren aurka galduta
EITB Media
Bizkaiko taldeak 75-58ko emaitzarekin galdu du H multzoko liderra den talde frantziarraren aurka jokatu duen multzoen faseko bosgarren jardunaldiko partida.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Lointek Gernika Bizkaiak galdu egin du La Roche Vendeeren aurka (75-58) asteazken honetan Frantzian jokatu duen Eurokopako multzoen faseko bosgarren jardunaldiko partida. Porrotak zaildu egin dio hurrengo faserako sailkapena.
La Roche Vendeek bostetik bost neurketa ditu irabazita eta H multzoko liderra da. Lointek Gernika bigarren da, momentuz, bi garaipen eta hiru porrot erdietsita. Euskal taldeak atzetik ditu ostegunean elkarren auka jokatuko duten eta garaipen banarekin dauden Virtus Bolonia eta Flammes Carolo, baina bietako batek irabazi egingo duenez, Gernika-Lumoko taldearekin berdinduko du.
Aukera gutxi eman dizkio La Roche Vendeek Lointek Gernika Bizkaiari. Frantziako taldeak bikain ekin dio norgehiagokari (8-0), baina Lointek Gernikak desabantaila murriztea lortu du (12-9). Lehen laurdenaren azken txanpan etxeko taldea izan da nagusi, eta bost puntuko abantailarekin amaitu ditu lehen hamar minutuak (19-14).
Mario Lopezek zuzentzen duen taldeak hasiera ona eman dio bigarren laurdenari, partida berdinduta (19-19) eta markagailuan aurrea hartuta (19-21). Ondoren, ordea, La Roche Vendee nagusi izan da, eta zuloa ireki du markagailuan; neurketako 15. minutuan zazpi puntuko errenta hartu du etxeko taldeak (28-21), eta partida La Roche Vendeeren aldeko 37-23ko emaitzarekin iritsi da atsedenaldira.
Atsedenalditik kantxara itzuli ostean, norgehiagokaren gidoia ez da aldatu. Frantziako taldea izan da nagusi, eta Lointek Gernika ezinean ibili da. La Roche Vendeek lehen bi laurdenetan lortu duen abantaila handitu du hirugarren laurdenean (58-35).
Gernika-Lumoko taldea saiatu da emaitza txukuntzen azken hamar minutuetan, baina aurkariak ez dio aukerarik eman, eta neurketa La Roche Vendeek irabazi du, 75-58ko emaitzarekin.
Fitxa teknikoa:
75 - La Roche Vendee (19+18+21+17): Ana Suarez (4), Bankole (15), Kaleena Lewis (11), Kone (10) eta Clarke (20) -hasierako taldea-; Franchelin (3), Pedroso, Preneau (4) Monpierre (2) eta Mbu (6).
58 - Lointek Gernika Bizkaia (14+9+12+23): Roselis Silva, Bjorklund (2), Arrojo (16), Brcaninovic (13) eta Tinara Moore (10) -hasierako taldea-; Ariztimuño (5), Buch eta Ginzo (12).
Epaileak: Jean-Philippe Herbert (Kanada), Franko Gracin (Kroazia) eta Polat Parlak (Bulgaria). Kanporaturik gabe.