Itxi

Gurpildun aulkiko saskibaloia

Brontze historikoa Beatriz Zudaire, Agurtzane Egiluz, Naiara Rodriguez eta Yáñezentzat Europako Txapelketan

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Espainiak bere nazioarteko lehen domina lortu du Madrilen jokatu den txapelketa kontinentalean Alemaniari 40-58 irabazita.

Agurtzane Egiluz eta Naiara Rodriguez. Argazkia: Basque Team

Espainiako gurpildun aulkiko saskibaloi taldeak brontzea lortu du Europako Txapelketan Alemaina irabazita (40-58).

Lehen urratsa Tokioko Jokoetarako sailkapen historikoa izan zen, ondoren lehen garaipen paralinpikoak eta hitzordu handian erdietsitako diploma iritsi ziren eta gaur, Europako Txapelketan lortutako brontzeak, berriz ere, gurpildun aulkiko saskibaloiko emakumezkoen selekzioa azken aldian izaten ari den lan bikaina eta garapena erakusten du.

Gaur sari bat iritsi da faboritoetan ez zegoen talde batentzat, Agurtzane Egiluz Basque Teameko bekaduna, Naiara Rodriguez bikaintasun proiektuko kidea, Beatriz Zudaire nafarra, partidako izarra 19 punturekin, eta Fundazioren beka jasotzen duen Adrian Yañez teknikaria tartean izan direla. Gaur, Espainiako emakumezkoen selekzioak balentria lortu du Alemania 40-58 mendean hartu eta brontzea eskuratuta, bere historiako nazioarteko lehen domina.

Adrian Yañezek astebete eskas izan zuen aldagelara moldatzeko, baina txapelketa honetan jokalari bakoitzaren onena ateratzen jakin duen entrenatzaile bikaina dela baieztatu du.

Alemaniak Espainia ito zuen multzoen faseko norgehiagokan, baina oraingoan paperak trukatu egin dira. Gogo eta kontzentrazio itzelekin, Zudaire, Egiluzen eta Rodriguezen taldeak konplexurik gabeko borroka burutu du. Espainiak sendo eutsi dio defentsari, eta hamar puntuko koltxoiarekin joan da atsedenaldira (18-28). Aldageletatik bueltan ez da makaldu, aurkariaren oldarraldiaren aurrean ondo gorde du markagailua eta urduritasunagatik ez du amore eman. Hamar minuturen faltan ez diote garaipenari ihes egiten utzi. Defentsan estutu dute azken laurdenean, Alemaniaren zirkulazioa ekiditeko eta azken 40-58ra iristeko.

"Egia esan, oso pozik gaude guztiok egindako lanarekin. Gorabehera askoko txapelketa izan da, eta gure helburua lortu izana zoragarria da", adierazi dio Agurtzane Egiluzek Basque Teami partida bukatu eta gero.