EUROKOPA
Lointek Gernika - Mersin Yenisehir, zuzenean ETB4n eta eitb.eus-en
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bizkaiko taldeak asteazken honetan (20:00) ekingo dio Turkiako taldearen aurkako Eurokopako kanporaketa gogorrari.
Lointek Gernika Bizkaiak asteazken honetan hasiko du Eurokopako play-offetako lehen kanporaketa (20:00), eta Turkiako CBK Mersin Yenisehir talde indartsua izango du aurrez aurre Malosten jokatuko den neurketan.
Mario Lopezek zuzentzen duen taldeak ezusteko sari gisa jaso du Eurokopako bigarren faseko lehen txanda hau, aurretik jokatutako multzoen fasean txapelketatik kanpo ikusi baitzuen bere burua, sei partidatan bi garaipen bakarrik lortu ondoren.
Bizkaiko taldeak oso aurkari gogorra gainditu beharko du; izan ere, Poloniako Lublin eta Gorzow eta Bielorrusiako Horizont taldeen aurka multzoen fasean jokatutako norgehiagoka guztiak aise irabazi zituen (6-0).
Bien bitartean, Gernikaren balantzeak (2 neurketa irabazi eta 4 galdu) argi uzten du Turkiako taldea faborito izango dela kanporaketa honetan.
Mersin taldeko jokalarien artean nabarmentzekoak dira Tiffany Hayes antolatzailea (18,7 puntu, 6,8 asistentzia eta 23ko balorazioa lehen fasean) eta Kristine Anigwe pibota (1,93 m; 14 puntu, 13 errebote eta 20,3ko balorazioa).
Shavonte Zellous eta Yvonne Turner hegalekoek eta Temi Fagbenie barruko jokalariak osatzen dute hasierako bostekoa. Horrez gain, Esra Ural (1,98 m) eta Quanitra Hollingsworth (1,97 m) pibotek ere ekarpen handia egiten diote taldeari.
Neurketa ETB4n eta eitb.eus-en izango da ikusgai, 20:00etatik aurrera.