Itxi

EUROKOPA

Asteartean itzuliko da Turkiatik Lointek Gernikako Belen Arrojo, bigarren proban negatibo eman ostean

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Taldeko kapitainak ezin izan dio taldekideekin batera ekin bueltako bidaiari, PCR probaren emaitzaren zain baitzegoen. Mario Lopez entrenatzailea berarekin geratu da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Belen Arrojo Lointek Gernika Bizkaia taldeko kapitaina "bihar goizaldean" itzuli ahalko da Turkiatik, atzo gauean egin zioten PCR testean negatibo eman ostean. CBK Mersinen aurkako partida jokatzea eragotzi zion positiboaren ostean negatibo eman duen bigarren testa izan da honakoa.

Bizkaiko taldeak baieztatu duenez, Arrojo Mario Lopez entrenatzailearekin batera dago Turkian, taldekideek itzulerako bidaiari ekin dioten bitartean.

Hala, Granadako jokalariak ezin izan zuen parte hartu Turkiako taldearen aurkako Eurokopako play-offetako itzuliko neurketan, etxeko taldeak, FIBAren baimenarekin, berariaz eskatutako PCR proban positibo eman baitzuen. Aitzitik, partida hasi baino ordu batzuk lehenago eta ondoren egindako probetan negatibo eman zuen.

Azkenerako, Bizkaiko taldeak galdu egin zuen norgehiagoka (69-40), eta txapelketatik kanpo geratu zen, ezin izan baitzion eutsi Malosten lortutako 24 puntuko aldeari.

Partida horri aurre egiteko, CBK Mersinek aldatu egin zuen 7.500 ikuslerentzako edukiera duen bere ohiko pabiloia, txikiago baten ordez (2.000 ikusle), eta Lointek Gernika Bizkaia taldeko jokalariek ezin izan zuten bertan entrenatu. Gainera, partidan zehar, Lointek Gernikak erasora jotzen zuen bakoitzean, sirena hotsak eta zarata handia jarri zizkieten bozgorailuetatik.

Jokalariak, kexu

Lehia hori astearte honetara atzeratu behar izan zuten, Bizkaiko taldean izandako covid-19 kasu positiboen eraginez. Behin kutsatuek euren bakartze aldia bete eta guztiek antigenoen testean negatibo eman ostean, entrenamenduetara itzuli ziren. Gerora, Turkiara bidaiatu baino lehen covid-19a atzemateko probak egin behar izan zituzten, eta horietan ere negatibo eman zuten.

Hala ere, Rosó Buch jokalariak sare sozialetan azaldu zuenez, Turkiako taldeak txapelketaren ardura duen FIBAri (Nazioarteko Saskibaloi Federazioa) eskatu zion PCR bat egin nahi zietela helmugan, eta FIBAk onartu egin zuen. "Gu prest geunden Bilbon edo Istanbulen egiteko, baina ezezkoa erantzun ziguten. Neurketa jokatu ahal izateko aintzat hartuko zuten bakarra haiek Adanan (CBK Mersinek jokatzen duen hiria) egindakoa izango zela", adierazi zuen.

Nolanahi ere, espedizio osoak PCRa egitea erabaki zuen "Istanbulgo aireportuan bertan", aurkariaren asmoei "susmo txarra" hartuta. Denek eman zuten negatibo. Hori bai, Buchen azalpenen arabera, Adanara iritsi zirenean, haien zain zeuden, beste PCR bat egiteko.

Gerora, partida jokatu baino ordu batzuk lehenago, Belen Arrojok positibo eman zuela esan zieten. Emaitza hori baieztatze aldera, Arrojo ospitale batera joan zen beste PCR bat egitera. Alabaina, ezin zezakeen jokatu emaitza jaso arte, eta norgehiagoka bukatu eta afaltzen ari zirenean heldu zitzaien emaitza. "Negatibo eman zuen. Belenen parte-hartzerik gabe utzi gaituzte", esan zuen haserre Buchek Twitterren.

Belen Arrojok, berriz, "fisikoki ondo" baina "animoz lur jota" zegoela esan zuen. "Inoiz ez nuen pentsatuko muga jakin batzuk gaindi zitezkeenik saskibaloia bezalako kirol polit batean, baina gaur Turkian gertatu da, nire kideekin eta nirekin. Frustrazioa, ezintasuna, amorrua eta etsipena. Zorionak gaurko irabazleei, zalantzarik gabe oso urrun iritsiko dira", idatzi zuen Twitterren.

Behin sailkapena lortuta, CBK Mersinek ironiaz agurtu zuen Gernikako taldea sare sozialen bidez.

Albisteak (4)

Bideoak (1)