Erreginaren Kopa
IDK Euskotrenek agur esan dio Kopari, Perfumerias Avenidaren aurka partida ona jokatu arren
EITB Media
Gipuzkoako taldeak porrota jaso du 60-56ko emaitzarekin Erreginaren Kopako final-laurdenetan eta txapelketatik at geratu da.
IDK Euskotrenek agur esan dio Erreginaren Kopari ostegun honetan (martxoak 24) final-laurdenetako partida Perfumerias Avenidaren aurka galduta, 60-56ko emaitzarekin.
Norgehiagokako lehen saskiratzea Salamancako taldeak lortu du (3-0), baina gipuzkoarren erantzuna azkarra izan da (3-2). Ondoren, aurrea hartu du markagailuan IDK Euskotrenek; lau puntuko errenta ere erdietsi du (7-11), baina Perfumerias Avenidak bira murriztu du desabantaila (9-11) lehen hamar minutuen amaieran.
Parekotasuna izan da nagusi bigarren laurdenean. Donostiako taldea ondo kantxaratu da, baina Perfumerias Avenidak partida berdindu (17-17) eta aurrea hartu du markagailuan (20-17). Ondoren, lehia parekatzea lortu du IDK Euskotrenek (20-20). Atsedenaldira iritsi aurreko azken bi minutuetan, euskal taldea baino gehiago izan da Salamancakoa, eta Donostiakoak aurkako 29-24ko emaitzarekin joan dira aldageletara.
Hirugarren laurdeneko lehen hiru minutuetan puntu bakarrera gerturatu da IDK Euskotren (31-30). Laurdenaren bukaerarako minutu t'erdi falta zenean, Perfumerias Avenidaren abantaila sei puntuko izan da (44-38). Hurrengo minutuan nagusi izan dira gipuzkoarrak, hirura gerturatuta (44-41), baina bost puntuko errentarekin heldu da Perfumerias Avenida azken laurdenera (46-41).
Neurketa bukatzeko sei minutu falta zirenean, IDK Euskotrenek berdinketa lortzeko aukera izan du, baina huts egin du erasoko jokaldian, eta aurkariak berriro zuloa ireki du markagailuan (55-50). Azken txanpan kosta egin zaio saskiratzeak lortzea IDK Euskotreni, aurkariak hobeto kudeatu ditu amaierako baloi-jabetzak, eta Prefumerias Avenidak eskuratu du finalerdietarako txartela (60-56).
Fitxa teknikoa:
60.- Perfumerias Avenida (9+20+17+14): Dominguez (3), Cooper (11) , Cazorla (9), Hof (6) eta Alarie (8) -hasierako taldea- Rodríguez (8), Elonu (-), Vilaró (-), Fasoula (10) eta Samuelson (5).
56.- IDK Euskotren (11+13+17+15): Diaz (-), Brown (4), Cornelius (8), Cox (19) etaCoulibaluy (13) -hasierako taldea- Cvitkovic (8), Harden (4) eta España (-).
Epaileak: Lema, Lizana eta Checa. Kanporaturik gabe.