Erreginaren Kopa
Lointek Gernika Bizkaiak Kopako finalerdietarako txartela lortu du, Cadi La Seuri irabazita (51-55)
EITB Media
Gernika-Lumoko taldeak garaipena lortu du Erreginaren Kopako final-laurdenetan, eta Perfumerias Avenidaren aurka jokatuko du finalerdietako partida, larunbatean.
Lointek Gernika Bizkaiak Erreginaren Kopako finalerdiak jokatuko ditu Perfumerias Avenidaren aurka larunbatean, ostegun honetan, final-laurdenetan, Cadi La Seuri 51-55 menderatu ondoren.
Gaizki ekin dio lehiari Gernika-Lumoko taldeak, 4-0 galtzen hasita. Hala ere, azkar erantzun du, neurketa berdinduta (6-6). Ondoren, parekotasuna izan da nagusi, baina Lointek Gernikak bost puntuko zuloa ireki du markagailuan lehen laurdeneko azken txanpan (12-17), eta hiru puntuko abantailarekin amaitu ditu lehen hamar minutuak (14-17).
Bigarren laurdenaren hasieran ere kaskar ibili da Lointek Gernika, eta Cadi La Seu aurretik jarri da (21-19). Bizkaiko taldeak lanean jarraitu, partida parekatu (21-21) eta sei puntuko errenta erdietsi du (21-27). Norgehiagoka Gernika-Lumoko taldearen aldeko 22-27ko emaitzarekin joan da atsedenaldira.
Ondo etorri zaio atsedenaldia Lointek Gernika Bizkaiari, hirugarren laurdenean jaun eta jabe izan baita. Talde bizkaitarrak parekotasuna hautsi du, 14 puntuko abantaila lortuta (22-36). Ondoren, nagusi izaten jarraitu du, nahiz eta Cadi La Seuk desabantaila murriztea lortu duen laurdenaren amaieran (37-46).
Abantaila politarekin ekin dio azken laurdenari euskal taldeak. Cadi La Seuk hasiera ona eman dio laurdenari. Pixkanaka, Kataluniako taldeak desabantaila murriztea lortu du, zazpi puntura gerturatuta (41-48), baina hamar puntuko errentarekin iritsi da Lointek Gernika Bizkaia neurketako azken bost minutuetara (41-51). Bazirudien Gernika-Lumoko taldeak ez zuela arazorik izango garaipena lortzeko, baina gogotik sufritu behar izan du. Cadi La Seuk ondo jokatu du azken txanpan, eta hiru puntura hurbildu da (48-51), amaierarako minutu bat eta 13 segundo falta zirenean. Ondoren, bost puntuko zuloa ireki du Lointek Gernikak (48-53), baina Kataluniako taldeak lehia estutu du partida bukatzeko 30 segundo falta zirenean (51-53). Partidako azken-aurreko baloi-jabetza Gernika-Lumoko taldearentzat izan da, Cadi La Seuk baloia berreskuratu du, baina epaileek Bizkaiko taldearen aldeko falta adierazi dute. Erabaki polemikoa izan da, baina Lointek Gernika Bizkaiak ez du huts egin jaurtiketa libreen marratik, eta garaipena erdietsi du (51-55).
Fitxa teknkoa:
51.- Cadi La Seu (14+8+15+14): Peña (8), Pivec (6), Etxarri (10), Strautmane (2) eta Tunstull (5) –hasierako taldea–; Raventós (5), Brotons (5), Lukacovicova (-), Pujol (10) eta Soler (-).
55.- Lointek Gernika Bizkaia (17+10+19+9): Buch (10), Higgs (2), Bjorklund (12), Roundtree (4) eta Moore (23) –hasierako taldea–; Silva (2), Arrojo (2), Ginzo (-) eta Brcaninovic (-).
Epaileak: Garcia Leon, Langa eta Carrera. Kanporaturik gabe.