ENDESA LIGA
Real Madrilek entrenatzaile kargutik kendu du Pablo Laso "osasun arrazoiengatik"
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Entrenatzaile arabarrak talde zuria zuzentzeari utziko dio 11 denboralditan 22 titulu lortu ondoren.
Real Madrilek astelehen honetan jakinarazi duenez, "Pablo Laso saskibaloi taldeko entrenatzaile karguan ez mantentzeko erabakia hartu du, osasun arrazoiak baino ez direla tarteko".
"Gure entrenatzaileak duela aste batzuk izan zuen bihotzekoaren ostean, Real Madrilek hainbat kontsulta egin dizkie hainbat medikuri eta kardiologiako adituri, eta guztiek adierazi dute arriskutsua litzatekeela bere osasunarentzat taldeko teknikari gisa jarraitzea", adierazi du klub zuriak bere webgunean.
Klubak azaldu duenez, "joan den astean, Real Madrilek lehen taldea zuzentzeari uzteko proposatu zion Pablo Lasori, kontratuan ezarritako baldintza ekonomikoak osorik errespetatuz, denboraldi honetan bere egoera fisikoa nola zihoan ikusi eta martxoan edo apirilean egoera berriro aztertzeko zain".
Real Madrilen ustez, "entrenatzailea ebakuntza egitera eta zainketa intentsiboetako unitatean egotera behartu zuen bihotzeko arazo larriaren aurrean, erabaki hori ez hartzea guztiz arduragabea izango litzateke".
Klubarentzat, "Pablo Lasoren osasuna da lehentasuna, beste edozeren gainetik ezer, harenganako errespetu eta maitasunagatik".
"Real Madrilek uler dezake erabaki horrek gure entrenatzailearengan tristura eragin izana, baina ezer ez dago, ezta Real Madril ere, inoren osasunaren gainetik, eta kasu honetan erakunde honek saihestu ezin duen arriskua da", adieraziz amaitu du bere oharra Real Madrilek.
22 garaikur
Pablo Lasok 54 urte ditu eta 2011tik jardun du Real Madrileko entrenatzaile gisa. 22 titulu lortu ditu: bi Euroliga (2015 eta 2018), sei ACB Liga (2013, 2015, 2016, 2018, 2019 eta 2022), sei Errege Kopa (2012, 2014, 2015, 2016, 2017 eta 2020), zazpi Espainiako Superkopa (2012, 2013, 2014, 2018, 2019, 2020 eta 2021) eta Kontinente arteko Kopa bat (2015).