2022KO MUNUDKO TXAPELKETA
Estatu Batuak, munduko txapeldun
AGENTZIAK | EITB Media
Ameriketako Estatu Batuek laugarrenez jarraian lortu dute Munduko Txapelketa irabaztea Txina 83 eta 61 mendean hartuta.
Estatu Batuetako selekzioak Munduko Txapelketa irabazi du larunbat honetan (urriak 1) laugarren aldiz segidan. Sidneyn jokatutako finalean Txinako selekzioa gainditu dute 83-61eko emaitzarekin.
Amerikarrak nagusi izan dira uneoro, laurden guztiak irabazi dituzte eta azkeneko minutuetarako partida erabakita utzi dute. Urrezko domina ziurtatuta ikustean, txapeldunek erritmoa moteldu dute eta garaipenaz gozatzen hasi dira.
Txina, aulkian Cesar Ruperez nafarra laguntzaile duela, estatubatuarrei aurre egiten saiatu da errebotearen borroka ia berdinduz (36-37 txapeldunentzat). Hala ere, asiarren ahalegina ez da nahikoa izan estatubatuarren kalitate teknikoa gainditzeko.
A'ja Wilsonek 19 punturekin, 5 erreboterekin eta 19ko baloraziorekin bukatu du finala, eta txapelketako jokalari onenaren "MVP" saria jaso du. Amerikarrek, harmailak bete dituzten 15.895 pertsonen aurrean 11. Munduko Txapelketa irabaztea lortu dute.
Brontzea lortzeko borrokan, Australiak 95-65 irabazi dio Kanadari; beraz, etxeko selekzioak osatu du podiuma.