Itxi

Eurokopa

Lointek Gernikak mendean hartu du Estudiantes H multzoko bigarren posturako aurkari zuzena

EITB Media

Leer en Castellano

Gernika-Lumoko taldeak irabazi egin dio Madrilgoari 66-54ko emaitzarekin Eurokopako multzoen faseko hirugarren jardunaldiko partida.

Lointek Gernika Bizkaia taldeko jokalariak garaipena lortu ostean. Argazkia: EITB Media

Lointek Gernika Bizkaiak garaipena eskuratu du Movistar Estudiantesen aurka (66-54) Malosten jokatu duen Eurokopako H multzoko hirugarren jardunaldiko partida. Ondorioz, Gernika-Lumoko taldeak bere bigarren neurketa irabazi du txapelketa honetan.

Lehen laurdena parekatua izan da. Bi taldeetako batek ere ez du lortu markagailuan zuloa irekitzea. Hiru puntukoa izan da Lointek Gernikak lehen hamar minutuetan izan duen errenta handiena, baina Madrilgo taldeak lortu du puntu bateko abantaila laurdenaren amaieran (17-18).

Bigarren laurdenean, Movistar Estudiantes izan da nagusi, eta 10 puntuko errenta eskuratu du talde bisitariak (20-30) atsedenaldira iristeko bi minutu baino gutxiago falta zirenean. Bizkaiko taldeak ezin izan du desabantaila murriztu azken minutuan (26-36).

Atsedenaldia bikain etorri zaio Lointek Gernika Bizkaiari. Ana Montañanak zuzentzen duen taldeak aldeak murriztu ditu hirugarren laurdeneko lehen bost minutuetan, eta puntu bakarrera gerturatu da (39-40). Gainera, aurrea hartu du markagailuan laurdeneko seigarren minutuan (41-40). Ordutik aurrera, aurkariak baino hobeto jokatu du Gernika-Lumoko taldeak, eta lau puntuko abantailarekin joan da azken laurdenera (50-46).

Amaierako hamar minutuetan, jaun eta jabe izan da etxeko taldea. Lointek Gernika Bizkaia nagusi izan da erasoan zein defentsan. Partidako azken bost minutuetara zortzi puntuko abantailarekin heldu da Gernika (50-58). Norgehiagokako azken txanpan, erabatekoa izan da Lointek Gernikaren nagusitasuna, eta Bizkaiko taldeari ez dio ihes egin garaipenak (66-54).

Fitxa teknikoa:

66 - Lointek Gernika Bizkaia (17+9+24+16): Ariztimuño (6), Brooque Williams (9), Spreafico (14), Wojta (20) eta Silva (4) -hasierako taldea-; Buch (2), Meskonyte (3) eta Cvitkovic (8).

54 - Movistar Estudiantes (18+18+10+8): Mendez (10), Pulliam (6), De Santiago (5), Billie Massey (2) eta Fingall (14) -hasierako taldea-; Estebas (2), Mollenhauer (2), Becky Massey (9), Eraunzetamurgil (4) eta Espín.

Partzialak: 17-18, 26-36 (atsedenaldia), 50-46 eta 66-54 (amaiera).

Epaileak: Diogo Martins (Portugal), Alexandre Maret (Frantzia) eta Bert van Slooten (Herbeherak). Ez dute inor kanporatu.

Albisteak (3)