Lointek Gernika
Mario Lopezek entrenatuko du Lointek Gernika, berriro ere
EITB MEDIA
Bizkaiko taldeak asteazkenean baieztatu du; asteartean iragarri zuen Anna Montañanak, 2022-23 denboraldiko entrenatzailea bera, ez zuela karguan jarraituko.
Lointek Gernika Bizkaiak askok segurutzat jotzen zuten albistea baieztatu du asteazkenean: Mario Lopezek entrenatuko du klubaren lehen taldea, berriro ere, 2023-24 denboraldian. Hala, entrenatzailea Malosteko taldera bueltatuko da, osasun arazoak tarteko urtebete entrenatu gabe eman ondoren.
Klubak zabaldutako oharrean, Lopezek adierazi du "gogotsu" dagoela, eta osasunari dagokionez, "askoz hobeto": "Dagoeneko, datorren denboraldiko lantaldea osatzen ari gara; zeresana ematen duen taldea izaten jarraitu nahi dugu".
Gerardo Candina Gernika KESBko presidenteak, aldiz, nabarmendu du "ilusio handia" duela Lopez berriro Malosten ikusteko: "Mario ondo dago, osasuntsu; beraz, azken denboraldietako proiektuari jarraipena emango diogu".
Asteartean, Lointek Gernikak iragarri zuen Anna Montañanak, 2022-23 denboraldiko entrenatzaileak, ez zuela karguan jarraituko.