GURPILDUN AULKIKO SASKIBALOIA
Bidaideakek bi garaipen lortu ditu, eta Eurocup 1eko finalerdietara sailkatu da
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Larunbat goizean zehaztuko da nore izango duen aurkari arratsaldean (17:30) jokatuko diren finalerdietan.
Bidaideak Bilbao BSR taldeak Cantun (Italia) jokatzen ari den Eurocup 1 txapelketako finalerdietan izateko sailkapen matematikoa lortu du ostiral honetan, jokatu dituen bi partidak bereganatu ondoren: BG Baskets Hamburgen aurka (73-51) eta CTH Lannion taldearen aurka (62-89).
Bilboko taldeko entrenatzaileak, Adrian Yañezek, jokalarien indarrak neurriz erabili ditu, eta guztien artean banatu ditu minutuak eguneko lehen partidan. Txandakatze horiek gorabehera, Bidaideak Hanburgoko taldea baino gehiago izan da une oro, eta lehen minututik tartea ireki du markagailuan. Hala, 21-9 joan dira aurretik lehen laurdenean, eta bigarrenean ia beste horrenbeste lortu dute (21-13). Aldageletatik itzultzean, nahiz eta alemaniarrek 13-15 irabazi duten hirugarren laurdena, bilbotarrak nagusi izan dira azken tartean (18-14 eta garaipen argia eskuratu dute).
Arratsaldeko saioan, Lannion taldearen aurkako norgehiagoka ere Bidaideaken alde erabaki da lehen partzialetik (9-21). Bretainiako taldeak azken unera arte borrokatu du, baina azkenean amore eman behar izan du aurkari boteretsuago baten aurrean.
Yañezek zuzentzen duen taldeak ez du defentsan estutu beharrik izan, 48 ordutan bost partida jokatuko dituela jakinda. Horrela, Bidaideakek etxeko taldearen (UnipolSai Briantea84) aurka jokatuko du larunbat honetan (11.45ean), eta horrek zehaztuko du B multzoko zer tokitan sailkatzen den, arratsaldean jokatuko diren finalerdietara begira (17:30).