Itxi

NBA

Denver Nuggestsek Miami Heat menderatu du, 4-1, finalean, eta NBAko txapelduna da, lehen aldiz

EITB MEDIA

Nikola Jokic pibot serbiarra ezinbestekoa izan da, Denver Nuggetsek irabazteko; izan ere, finalaren bost partidetan, batez beste, 30,2 puntu sartu, 14 errebote hartu eta 7,2 asistentzia eman ditu, neurketa bakoitzean. Bosgarren eta azken partidan, Denver 94-89 nagusitu da.

Mike Malone entrenatzailea, eta Denver Nuggets taldeko jokalariak, finala amaituta. Argazkia: EFE.

Denver Nuggetsek Miami Heat menderatu du, 4-1, NBAn, astearte goizaldean amaitu den 2022-23 denboraldiko finalean, eta, hala, NBAko txapelduna da, historian lehen aldiz. Nikola Jokic pibot serbiarra ezinbestekoa izan da Denver Nuggetsek irabazteko; izan ere, finalaren bost partidetan, batez beste, 30,2 puntu sartu, 14 errebote hartu eta 7,2 asistentzia eman ditu, neurketa bakoitzean. Bosgarren eta azken partidan, Denver 94-89 nagusitu da.

Finala Denverren amaitu da, esan bezala, bosgarren norgehiagokan. Hirugarren eta laugarren partidak Miamin jokatu zituzten, eta Denver Nuggets argi nagusitu zen bietan; hortaz, bosgarrenean garaipena lortuz gero, Mike Maloneren taldeak poltsikoan izango zuen titulua. Azken neurketan, hasieran, Miami Heat nagusitu da lehen laurdenean, eta bigarrenean hamar puntuko aldea ere erdietsi du; bereziki, Denverren, Jokic ia laguntzarik gabe zebilelako erasoan, eta Jamal Murray (14 puntu) eta Michael Porter Jr. (16) ez direlako beste hainbatetan bezain fin aritu. Nolanahi ere, Denverrek lortu du aldea ez izatea handiegia (44-51 atsedenaldian, Miamiren alde).

Bigarren zatian, agerian geratu da, beste behin, Miami Heateko jokalariak erasoan ez zebiltzala ondo, eta talde horrek behera egin du. 70-71 bukatu da hirugarren laurdena; laugarrenean, Denverrek sufritu egin du puntuak sartzeko, eta Miamik estu-estu jarri du markagailua. Baina, orduan, Jokicek berriro egin du aurrera, eta 10 puntu egin ditu, finala ixteko. Horrela, Denver Nuggetsek lehen aldiz irabazi du NBA.

Albisteak (1)