KONTRATU BERRITZEA
Marta Alberdik kontratua berritu du Lointek Gernika Bizkaiarekin 2024ra arte
EITB MEDIA
Lointek Gernika Bizkaiak datorren denboraldirako zazpigarren jokalaria konfirmatu du. Alberdik laugarren denboraldia emango du Bizkaiko taldean.
Marta Alberdik kontratua berritu du Lointek Gernika Bizkaiarekin 2024ra arte, ostegun honetan klubak jakitera eman duenez. Kontratu berritze honekin, Gernikak datorren denboraldiko zazpigarren jokalaria konfirmatu du.
Alberdiren aurretik, Bizkaiko taldeak Itziar Ariztimuño eta Laia Flores joko-antolatzaileak, Angie Bjorklund eskolta, Rosó Buch hegalekoa eta Sofia da Silva eta Maya Dodson pibotak iragarri ditu.
Harrobiko jokalariak laugarren denboraldia emango du lehen taldean, eta aurreko denboraldian sorbaldan lesioa izan arren, guztiz sendatuta dago.
"Sorbalda oso ondo daukat, sentsazio onekin amaitu nuen, eta jokatzen. Hilabete asko kanpoan egon izanak saskibaloia beste modu batera ikusten lagundu dit. Orain hobetzen jarraitu nahi dut, ikasteko gogoa duen jokalaria naiz", adierazi du eskolta bizkaitarrak.