Europako Txapelketa
Asier Garcia getxoztarrak zilarra irabazi du Europako Txapelketan, Rotterdamen
Agentziak | EITB MEDIA
Gurpildun aulkiko Espainiako saskibaloi selekzioko jokalari getxoztarrak 53-74 galdu du finalean Erresuma Batuko selekzioaren aurka.
Asier Garcia Basque Teameko getxoztarrak zilarrezko domina lortu zuen larunbatean, Rotterdamen, gurpildun aulkiko Europako Txapelketan, Espainiako selekzioak Erresuma Batuko selekzioaren kontra jokatutako finalean 53-74 galduta. Horrez gain, Parisko 2024ko Olinpiar Jokoetarako txartela ere eskuratu zuen.
Frantziako hiriburukoak laugarren olinpiar jokoak izango dira Garciarentzat, 2012an Londresen, 2016an Rio de Janeiron eta 2021ean Tokion ere hartu baitzuen parte.
Rotterdamen, Herbehereetako selekazioaren aurka galdu ondoren, gurpildun aulkiko gizonezkoen Espainiako selekzioak final-laurdenetarako sailkatzea lortu zuen, bi partida irabazita. Alemaniaren aurrean huts eginda, bere taldeko hirugarren geratu zen; beraz, final-laurdenetan Turkia izan zuten aurrean, eta mendean hartu zuten, sufritu arren.
Finalaurrekoetan, etxeko taldea izan zuten arerio: Herbehereak. Nahiz eta multzoen fasean Garciaren taldeak porrota jaso, finalaurrekoetan mendean hartu zuen. Olinpiar Jokoetarako txartela eskuan zuela heldu zen Espainiako selekzioa finalera, Erresuma Batuko selekzioaren kontra. Getxoztarraren taldeak ondo abiatu zuen partida, baina britainiarrak izan ziren nagusi, eta horiek eskuratu zuten urrea.