Endesa Liga
IDK Euskotren eta Lointek Gernika garaipenekin estreinatu dira; Araskik lehen partida galdu du
EITB MEDIA
Gipuzkoako taldeak (64-60) eta Bizkaikoak (71-57) garaipen banarekin hasi dute Endesa Ligako denboraldia; Arabakoak, berriz, porrotarekin egin du debuta Mendizorrotzan (66-71).
Ligako lehen jardunaldia euskal taldeentzat, eta lehen garaipena IDK Euskotren eta Lointek Gernikarentzat. Araskik, berriz, Baxi Ferrolen aurka galdu du, etxean.
IDK Euskotren talde donostiarrak 64-60 irabazi dio Embutidos Pajariel Bembibre taldeari. Azu Muguruzaren jokalariek debuta egin dute Gascan, zaleen aurrean, eta gipuzkoarrak nagusi izan dira partidaren hasieran. Izan ere, lau puntuko errentarekin amaitu dute lehen laurdena (17-13), atsedenaldia baino lehen handitu dutena (36-31).
Hirugarren laurdenean, Bembibrek bere desabantaila murriztu ahal izan du 14-16ko partzialarekin, baina IDK Euskotrenek Leonen erantzuna gelditzea lortu du azken minutuetan, eta bere errenta puntu bat gehiago handitzea ere lortu du (14-13).
Lointek Gernikak, halaber, garaipena lortu du Ensino Lugoren aurka, Emakumezkoen Ligako estreinakoan, 71-57ko emaitzarekin. Granateek une distiratsuak tartekatu dituzte, lehen zatian eta, bereziki, hirugarren laurdenaren amaieran. Dena dela, minutu ilunago batzuekin, agerian geratu da oraindik eraikitzen ari den taldea dela.
Hala eta guztiz ere, Lucas Fernandezen taldea nagusi izan da orokorrean, eta denboraldiko lehen garaipena lortu du.
Bien bitartean, Kutxabank Araskik porrotarekin hasi du denboraldia, Mendizorrotzan. Gasteiztarrek azken unera arte borrokatu dute, baina Baxi Ferrol igo berriaren aurka amore eman dute, 66-71ko emaitzarekin.
Norgehiagoka bizia izan da, eta bi taldeek jaurtiketetan ez dute asmatu. Araski irabazten hasi den arren, Baxi Ferrol taldea sentsazioa hobetuz joan da, eta Claudia Sorianoren kantxaratzeak buelta eman dio partidari, 20 puntu egin baititu jokalari horrek.