Espainiako Superkopa
Bidaideakek hirugarren postua lortuta esan dio agur Superkopari
EITB Media
Bilboko taldeak Valladolidi irabazi dio 3. eta 4. posturako lehia, 96-44ko emaitzarekin. Ilunionek irabazi du Superkopa, finalean Amiab Albacete mendean hartuta (67-77).
Bidaideakek hirugarren postuan amaitu du gurpildun aulkiko saskibaloiko Espainiako Superkopa, igande honetan, urriaren 1ean, hirugarren eta laugarren posturako lehian Valladolid Fundacion Aliados mendean hartuta 96-44ko emaitzarekin.
Bilboko taldea finaletik at geratu zen, larunbateko finalerdian Ilunionen aurka porrota jasota, puntu bakarragatik (83-84). Madrilgo taldeak azken segundoan sartutako hirukoari esker irabazi zuen Bidaideaken aurkako norgehiagoka.
Igande honetako hirugarren posturako partidan Bidaideak aise nagusitu da Valladoliden kontra. Hasieratik amaieraraino jaun eta jabe izan da Bizkaiko taldea. Lehen laurdenean bederatzi puntuko abantaila hartu du Bidaideakek (27-18), eta atsedenaldira joan da aldeko 46-29ko emaitzarekin.
Hirugarren laurdenean zuloa are gehiago handitu du Bidaideakek (76-40), eta azken hamar minutuetan garaipena biribildu du (96-44).
Ilunion, txapeldun
Ilunionek irabazi du Superkopa, urriaren 1ean jokatutako finalean Amiab Albacate mendean hartu baitu 67-77ko emaitzarekin. Beraz, finalerdietan Bidaideak kanporatu zuen taldea izan da txapelduna.