EuroCup
Lointek Gernikak Zaglebie Sosnowiecen aurka galdu du, 70-69, EuroCupeko multzo faseko azken partidan
EITB MEDIA
Lucas Fernandezen taldeak ziurtatuta zuen dagoeneko txapelketako hurrengo txandarako sailkatzea multzoko bigarren sailkatu gisa. Lointek Gernikak ondo kontrolatu du neurketa lehen zatian (31-38), baina aurkaria hobeto ibili da atsedenaldiaren ostean.
Lointek Gernika Bizkaiak 70-69 galdu du Zaglebie Sosnowiec taldearen etxean, EuroCupeko multzo faseko azken jardunaldian. Porrotak, baina, ez du inolako ondoriorik, Bizkaiko taldeak bermatuta baitzuen, dagoeneko, txapelketako hurrengo txandarako sailkatzea, multzoko bigarren sailkatu gisa.
Lointek Gernikak ondo kontrolatu du partida lehenengo zatian, eta hamar puntuko aldea ere izan du (16-26), bigarren laurdena hasi eta berehala. Laia Flores, jokoa antolatzen, eta Gabby Nikitinaite, sendo erasoan, nabarmendu dira minutu horietan.
Poloniako taldea, baina, suspertu egin da, eta Lointek Gernikak ezin izan du aldea handitu. Zoe Wadoux eskolta frantziarrak bultzatuta, Sosnowiecek partida orekatu du apurka-apurka, markagailua irauli arte (48-47, 25. minutuan). Hirugarren laurdena amaituta, etxeko taldea hiru puntuz zebilen nagusitzen.
57-57koaren ostean erabaki da partida, hurrengo bost minutuetan. Orduan, Poloniako taldeak baliatu du Lointek Gernikak ezin izan duela asmatu, eta 11-0eko partziala ezarri du. Hori izan da erabakigarria, Lucas Fernandezen taldeak azkenean emandako erantzunak ez baitu saririk izan. Amaierarako bi segundo gelditzen zirela, partida 70-67 zihoala, Laia Floresek hiru jaurtiketa libre izan ditu, luzapena behartzeko; Floresek aurreneko biak sartu ditu, eta Sofia da Silvak hirugarrenaren errebotea hartu du, baina ez du saskiratzerik izan, eta garaipena Polonian geratu da.
Fitxa teknikoa
70.- Zaglebie Sosnowiec (16+15+23+16): Wadoux (20), Marciniak (6), Zempare (15), Jones (-), Dornstauder (12) -hasierako taldea- Wojtala (-), Czyzewska (-) eta Jasiulewicz (17).
69.- Lointek Gernika (21+17+15+16): Laia Flores (10), Buch (5), Nikitinaite (16), Sofia da Silva (8), Milapie (12) -hasierako taldea- Ariztimuño (3), Bradford (-), Madera (10) eta Alberdi (5).
Partzialak: 16-21, 31-38 (atsedenaldia), 54-53 eta 70-69 (amaiera).
Epaileak: Joona Haaja (Finlandia), Indre Balnionyte-Geceviciene (Lituania) eta Blazo Begenisic (Suedia). Ez da kanporaturik izan.
Gertakizunak: EuroCupeko multzo faseko seigarren eta azken jardunaldiko partida. Sosnowieceko Arcelor Mittal Parken jokatu dute.