Endesa Liga
Kutxabank Araskiren garaipena Lointeken kontrako derbian, eta IDKren porrota Permuferias Avenidaren aurka
EITB MEDIA
Gasteizko taldea izan zen nagusi euskal derbian, luzapenean 64-66 irabazita; IDK Euskotrenek, berriz, 61-65 galdu zuen Endesa Ligako 10. jardunaldian.
Kutxabank Araskik 64 eta 66 irabazi dio Lointek Gernika Bizkaiari igande honetan, abenduaren 3an, Malosten (Gernika-Lumo) jokatutako Endesa Ligako 10. jardunaldiko euskal derbia.
Ondorioz, Gernika-Lumoko taldeak laugarren porrota erdietsi du ligan, eta sailkapenaren goialdean egoteko lehian atzerapausoa eman du. Bestalde, Gasteizko taldeak laugarren garaipena lortu du, eta, horrenbestez, jaitsiera postuekiko aldea handitu du.
Hasierako minutuetan, nagusi izan da Lointek Gernika, baina lehen laurdeneko azken txanpan aldea murriztu du Kutxabank Araskik. Hala, lehen hamar minutuak etxekoen aldeko zazpi puntuko errentarekin bukatu dira (17-10).
Bigarren laurdenari oso ondo ekin dio Arabako taldeak. Lehen laurdeneko amaiera onak hauspotuta, bisitariek estu hartu dute Lointek Gernika. Pixkanaka-pixkanaka, desabantaila murrizten hasi dira, eta norgehiagoka etxekoen aldeko 29-25eko emaitzarekin iritsi da atsedenaldira.
Atsedenalditik bueltan, aurrea haurtu du markagailuan Gasteizko taldeak (31-33). Gainera, zortzi puntuko errenta lortu du (38-46) hirugarren laurdena amaitzeko bi minutu falta zirenean. Ezinean ibili da Lointek Gernika aurkariaren joko onaren aurrean, baina desabantaila murriztea lortu du (42-46).
Kutxabank Araskik lau puntuko abantailarekin ekin dio azken laurdenari. Amaierako hamar minutuak zirraragarriak izan dira. Bi taldeek dena eman dute, eta neurketaren bukaerako azken hiru minutuetara berdinduta heldu dira (52-52). Partidak emozioa izan du azken hasperenera arte. Lehia amaitzeko 36 segundo falta zirenean, emaitza 59-59koa zen, eta sei segundoren faltan ere berdinketa zen nagusi markagailuan (61-61). Azken baloi-jabetza Araskirentzat izan da, ez du saskiratu eta partidak luzapena behar izan du irabazlea erabakitzeko.
Tentsioa nabarmena izan da luzapenean. Bi taldeei kosta egin zaie saskiratzea. Dena den, hiru puntuko errentarekin heldu da Kutxabank Araski azken minutura (63-66). Lointek Gernika bi puntura hurbildu da partida amaitzeko segundo gutxi falta zirenean (64-66). Azken jabetza etxekoek izan dute, garaipena lortzen saiatu dira hiruko jaurtiketa bat eginez, baina ez dute asmatu, eta Kutxabank Araskik bereganatu du garaipena (64-66).
IDK Euskotrenen porrota, gutxigatik
IDK Euskotrenek Permuferias Avenida liderra hartu zuen etxean. Lehen laurdena bisitariak aurretik zeudela amaitu zen, baina puntu bakarreko aldearekin (10-11). Bigarren laurdenean, Tunstull, Gracia, Whalen, Lara eta Fankam kantxaratu zituen Azu Muguruzak. Whalenek hirukoa sartu zuen Gipuzkoako taldearentzat, baina Hartleyk ere gauza bera egin zuen Avenidakoentzat. Berdinduta egon arren, Salamancako taldeak abantaila handitzea lortu zuen, bigarren laurdena 26-35 aurretik amaitzeko,
Hirugarren laurdenean, Tunstull hasi zen IDKrentzat saskiratzen; dena den, donostiarrek ezin izan zuten aldea handitu, eta 44-51 galtzen ari ziren azken laurdena falta zela. Norgehiagokaren azken txanpan, bost minutu baino geratzen ez zirenean, 55-57 ari zen galtzen IDK. Ondoren, nahiz eta Albak hirukoa saskiratuta berdindu, Gilek Avenida aurreratu zuen berriz ere. 61-65 bukatu zen partida, IDK Euskotren garaipenetik hurbil izan arren.