Itxi

ENDESA LIGA

Garaipenak IDK Euskotren eta Lointek Gernikarentzat; Kutxabank Araskik, berriz, galdu egin du

EITB MEDIA

Donostiako taldeak 55-77 irabazi zion Bartzelonari, Lointek Gernikak 98-59 Kanaria Handiari, eta Kutxabank Araskik ezin izan zituen Ferroletik bi puntuak ekarri, 75-53 galduta.

Gran Canaria-Lointek Gernika. Argazkia: @GKesb

Emakumezkoen Endesa Ligako 18. jardunaldiak bi garaipen eta porrot bat utzi ditu euskal taldeentzat. IDK Euskotrenek ez zuen etxetik kanpo huts egin Bartzelonaren kontra, 55-77 mendean hartu baitzuen. Azu Muguruzaren taldea hasieratik jarri zen aurretik markagailuan, eta laurdenez laurden joera horri eustea lortu zuen. Atsedenerako, Erinek lau hiruko sartuta zituen, eta 25-42 aurretik zela joan ziren donostiarrak aldageletara. Bartzelona desabantaila arintzen ahalegindu zen arren, hirugarren laurdenaren amaieran Gipuzkoako taldeak jarraitzen zuen irabazten: 43-57. Azkenean, 55-77ko emaitzak ligako hamaikagarren garaipena eman zion IDKri. Zazpigarren dago Endesa Ligako sailkapenean.

Seigarren dago, halaber, Lointek Gernika, Kanaria Handia sendo menderatuta. Nahiz eta neurketa berdinduta hasi, jokoak aurrera egin ahala, Lucas Fernandezen taldea ere etenik gabe ari zen kantxan zein markagailuan: 44-22 iritsi ziren atsedenera. Watts jokalariak hirugarren laurdenean sartutako bi hirukoei esker, abantaila indartu zuten gernikarrek, eta 98-59 bukatu zuten. Eguneko ohar tristea Marta Alberdik utzi zuen, orkatila okertu baitzuen sarrera batean.

Azkenik, Kutxabank Araskiren porrotak itxi du euskal taldeen kronika. Gasteizko taldeak ez zuen erasoan asmatu Baxi Ferrolen aurrean; beraz, ez zituen aukera asko izan. Arerioak, ordea, ondo egin zuen haren lana eta hasieratik garbi utzi zuen desberdintasuna. Hirugarren laurdenean, adibidez, Baxi Ferrolek 26 puntu saskiratu zituen, eta aurretik jarraitu zuen amaierara arte: 75-53. Made Urietak entrenatzen dituen neskak 12. daude ligako sailkapenean, 25 punturekin. Hurrengo jardunaldian, Lointek Gernika izango dute aurrez aurre, euskal derbian.

Albisteak (3)